1,5 milioiko laguntza linea zabalduko da merkataritza-establezimenduei kalitate-ziurtagiriak lortzen laguntzeko

Actualizado: martes, 26 julio 2011 20:15

BILBO, 26 Jul. (EUROPA PRESS) -

Eusko Jaurlaritzak 1,5 milioi euroko laguntza-linea bat onartu du gaurko bilkuran merkataritza-establezimenduek kalitate-ziurtagiriak lortzeko eta baita dibulgazio-jarduerak egiteko ere.

Laguntza horiek itzuli beharrik gabeko diru-laguntzak izango dira, gainera kalitate-ziurtapenerako programetarako, eta onuradunak hiru lurraldeetan ordezkaritza-maila handia duten merkatari-elkarteak eta merkataritza-ganberak izango dira. Erakunde horiek guztiek ere merkataritza-banaketako enpresa txikien traktore gisa jardungo dute.

Emango den gehieneko diru-laguntza 1.100 eurokoa izango da UNE 175.001 ziurtagirirako, eta 3.180 euro Merkataritza Bikaineko Prestakuntza Programentzat.

Era berean, prestatzaileak balidatuz, Bikaintasun-proiektuak baloratuz eta, Merkataritza Zuzendaritzarekin batera, programaren jarraipena eta koordinazioa eginez parte hartuko dute kalitatea sustatzeko erakundeek. Erakunde horiek gehienez ere 60.000 euroko zenbateko finkoa jasoko dute, programa koordinatzeagatik, eta 1.040 eurorainoko kopuru aldakor bat ebaluatutako bikaintasun-proiektu bakoitzarengatik.

Merkataritza-lehiakortasuna dibulgatu eta sustatzeko jardueretarako, onuradunak merkatari-elkarteak eta horien federazioak izango dira, baita merkataritza-ganberak ere. Erakunde bakoitzari diruz laguntzeko gehieneko kopurua 5.000 euro izango da.