27.000 sinaduratik gora Apple zerbitzuak euskaratu daitezen

Actualizado: martes, 11 agosto 2015 18:01

BILBO, 11 (EUROPA PRESS)

   Partikular batek Change.org plataformaren bitartez abian jarritako kanpainari esker, baliteke noizbait Apple-eko sistemak euskaraz erabiltzeko aukera izatea. Gaur egun sare sozial ugari zein sistema operatibo ezberdinak euskaraz erabiltzeko aukera dago, batzuetan herritarren elkarlanari esker, eta enpresen ekimenez besteetan, Etxepare euskal institutuak gogorarazi du.

   Izan ere, 2013an abiarazi zuen Xabier Martinek, Change.org plataformaren bitartez, Apple sistemetan euskara erabiltzearen aldeko kanpaina. Apple etxeari euskara bere hizkuntzen artean txertatzeko galdegin diote bertan: "Kulturaren eta hizkuntzaren iraupenerako, ezinbestekoa da egunero hizkuntza erabiltzea" esanez hasten da eskaeraren euskarazko zatia, hain zuzen ere.

   "Mundu globalizatu honetan" euskara teknologia gisa erabili behar dela eta beraz, Appleko sistemetan erabil ahal izan beharko litzatekeela aldarrikatzen du change.org plataformaren bidez eginiko eskaerak.

   Etxepare institutuak ohartarazi duenez, eskaerak helburu zituen 27.000 sinaduratik gora lortu du, batez ere uztailan izan duen gorakadari esker: webgunetik hartutako datuen arabera, 2.424 sinadura zituen uztailaren 21ean, eta 27.002ra heldu da hamar egunen buruan sare sozialei esker.

   Hurrengo aurrerapausoa Tim Cook eta Apple konpainiako beste hiru arduradunei eskaera egitea izan da. Xabier Martinek bere webgunean esan duenez, bi aldeetatik inprimatutako 830 orritan bildu dira sinadurak eta iruzkinak.