40 hildako 2016an EAEn lan istripuen ondorioz

40 hildako izan ziren iaz lan istripuetan
Europa Press
Actualizado: martes, 24 enero 2017 10:50

   BILBO, 24 Ene. (EUROPA PRESS) -

   Lanean gertaturiko istripuek 40 hildako eragin zituzten Euskal Autonomia Erkidegoan (EAE) 2016. urtean, aurrekoan baino zazpi gehiago, hau da, %21,2 gehiago, Europa Press berri agentziak jaso dituen Osalan erakundearen datuen arabera.

   Joan den urtean baja eragin zuten 33.341 lan istripu gertatu ziren EAEn, 2015ean baino %4,6 gehiago. Istripu horien artean sartzen dira lan jardunaldian izandako istripuak, lanerako bidean jazotakoak eta berriro gaixotzeak. Lan jardunaldian izandako istripuak 28.090 izan ziren (%5,4 gehiago), eta bidean gertaturikoak 3.512 (%1,9 gutxiago).

   Lan jardunaldian izandako istripuen artean, 27.918 arinak (%5,5 gehiago), 138 larriak (%9,8 gutxiago) eta 34 heriotza eragin zutenak (2015ean baino sei gehiago) izan ziren. Bidean gertaturiko istripu arinak 3.479 izan ziren (%2,1 gutxiago), larriak 27 (%17,4 gehiago) eta heriotza eragin zutenak sei (2015ean bost).

   Sektoreei dagokienez, 2016. urtean Eraikuntzan gertatu ziren istripurik gehien (1.000 okupatuko 80,7 baja), eta jarraian, Lehen sektorean (76,8 baja), Industrian (63,9 baja) eta Zerbitzuetan (26,6 baja).

   Azkenik, baja eragin zuten 1.145 gaixotasun profesional berri zenbatetsi ziren EAEn 2016. urtean, hau da, aurrekoan erregistraturikoak baino %14,8 gehiago. Baja eragin ez zuten gaixotasun profesionalak 1.596 izan ziren iaz, hots, 2015ean baino %0,9 gutxiago, orduan 1.611 izan baitziren.