A-8tik zihoan kamioi baten gidaria atxilotu dute Bilbo parean, baimendutako alkoholemia-tasa sei aldiz gainditzegatik

Actualizado: miércoles, 18 mayo 2011 15:28

BILBO, 18 May. (EUROPA PRESS) -

Ertzaintzaren Bizkaiko Trafiko Unitateko agenteek 51 urteko gizonezko bat atxilotu zuten atzo arratsaldean A-8 autopistan, Bilbo parean. Gizonak kamioi-trailer bat gidatzen zuen eta trafiko-segurtasunaren kontrako delitu bat egotzi diote, ibilgailu hauei dagozkien 0,15 mg/l-ko alkohol-tasa sei aldiz gainditzeagatik.

Eusko Jaurlaritzako Herrizaingo Sailak jakinarazi duenez, atzo arratsaldeko 15:30ak inguruan hasi ziren gertaerak, ibilgailu ofizial batean zihoazen Ertzaintzaren Trafiko Unitateko agenteek edukiera handiko eta bobinak zeramatzan kamioi bat modu irregularrean zirkulatzen ari zela ikusi zuten A-8 autobidetik, Bilbo parean eta Donostia norabidean.

Agenteak kamioaren paraleloan jarri ziren eta sakeleko telefonotik hitz egiten zegoela konturatu ziren. Eskuineko eskuan telefonoa eta ezkerreko eskuan zigarro bat zuela, ukondoekin heltzen ari zen bolantea. Egoera horren aurrean, ibilgailua gelditu zuten agenteek zirkulazioarentzako arriskurik gabeko zonalde batean. Ertzainek kamioaren gidaria informatu zuten administratiboki salatuko zutela sakeleko telefonoa erabiltzeagatik eta une horretan ohartarazi ziren kamioilariak edari alkoholikoen eraginpean zegoela.

Dagozkion alkoholemia-probak egin zizkioten gidariari eta baimendutako tasa sei aldiz gainditu zuen. Mota honetako ibilgailuentzako tasa 0,15 alkohol-miligramotan kokatzen da botatako aire litro bakoitzeko. 51 urteko kamioiaren gidaria atxilotu zuten agenteek, trafiko-segurtasunaren kontrako delitu bat leporatuta.