Abanto-Zierbenako Industrialdeak zoladura foto-katalizatzaileak jarriko ditu El Campillo industrialdean

El Campillo industrialdea
Foto: SPRILUR
Actualizado: lunes, 20 enero 2014 13:51

BILBO, 20 (EUROPA PRESS)

   Sprilur, Bizkaiko Foru Aldundia eta Abanto-Zierbenako Udala partaide dituen Abanto-Zierbenako Industrialdea S.A. sozietate publikoak hirigintza eta eraikuntza proiektuen garapen iraunkorrerako gidek jasotzen dituzten ingurumen neurri zuzentzaile berritzaileenetako bat aplikatuko du, eta aireko CO2 atzemateko gaitasun handiko galtzada harrizko zoladura bat jarriko du Abanto-Zierbenako El Campillo industrialedan, A-2 eraikineko pabilioien birgaikuntza lanetan. Zoladura foto-katalizatzaile hori 1.400 metro koadroko eremu batean jarriko da, gero aparkaleku bihurtuko dena.

   Industrialdeko arduradunen arabera, galtzada harri horren osagai nagusia kaltzio hidroxido optimizatua da; elementu horrek CO2 kopuru handiak atzeman ditzake eta kaltzio karbonato bihurtu. Neurri zuzentzaile horri esker zoladura foto-katalizatzailea duen metro koadro bakoitzak 5.000 metro kubiko aire optimizatu ditzake bere bizitza erabilgarrian zehar.

   Horrez gain, galtzada harriak erabat material birziklatuekin fabrikatzen direnez, segurtatuta dago hirigintza eta eraikuntza proiektu eta lan guztietan aplikatzen den ingurumen konpromisoa handiagoa dela.

   Ingurumen neurri zuzentzaile honek bete egiten ditu hirigintza eta eraikuntza proiektuen garapen iraunkorretako gidetan zehaztutako gomendioak, 2007tik Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasun Saileko Azpiegitura Arloak aplikatzen dituenak, alegia.
Ingurumen kudeaketarako estrategia berri gisa, Sprilur EMAS III Ingurumen Ziurtagiria lortzeko lanetan ari da, lehendik eskuratua duen Ekoscan zabalduz lan aktiboagoa egiteko ingurumenaren kudeaketa, aplikazio eta hobekuntza politika aurreratuak aztertzen eta identifikatzen.

   El Campillo meatze industrialdeko eraikinen birgaitze lanak 6.300 metro koadroko azalerako pabilioi eremu batean egiten ari dira. Guztira bederatzi nabe dira, bost (3.600 metro koadro) Abanto-Zierbenako Industrialdea S.A. sozietatearenak eta gainerakoak (beste 2.700 metro koadro) Kaiku eta Arcosan enpresarenak. Birgaitze lanek 12 hilabete iraungo dute eta amaituta egongo dira maiatzean. Proiektu honetarako 1,2 milioi euroko inbertsioa egin da.

   Ezkerraldeko industria sustatzeko historikoki egin duen lan lerroari jarraituz, Abanto-Zierbenako Industrialdea S.A. sozietateak, El Campillo pabilioi industrialez gain, beste bi enpresa gune kudeatzen ditu Ortuellan (Granada eta Abra Industrial). Guztira, 134.649 metro koadro gordin horietatik, 15.297 metro koadro lurzoru urbanizatuko lursailak egiteko izango da, 51.089 metro koadro pabilioi modularrak egiteko eta 3.030 metro koadro bulegoetarako. Une honetan, 1.075 langile enplegatzen dituzten 74 enpresa daude kokatuta eremu horretan.