Abenduaren 12tik aurrera salgai izango dira Kultura Bonua kanpainako 44.000 bonuak

Antonio Riverak aurkeztu du Kultura Bonuaren kanpaina berria
Europa Press
Actualizado: viernes, 9 diciembre 2011 14:15

BILBO, 9 Dic. (EUROPA PRESS) -

Abenduaren 12tik aurrera salgai izango dira Eusko Jaurlaritzako Kultura Sailak martxan jarritako Kultura Bonua kanpainako 44.000 bonuak. Iaz bezala, 25 euroren truke erosi ahal izango dira bonu horiek BBK, Kutxa eta Vital Kutxan, eta 40 euroko balioa izango dute, kultur produktuak erosteko. Aurten 364 establezimendu sartu dira kanpainan, iazko kopuru antzekoa.

Antonio Rivera Kultura sailburuordeak Bilbon eskainitako prentsaurrekoan adierazi duenez, Eusko Jaurlaritzak 660.000 euro bideratu ditu aurten Kultura Bonua kanpainara, hau da, iaz baino %32,30 gutxiago.

Horrela, datorren astelehenetik aurrera, 44.000 bonu eskuragai izango dira Bizkaian BBK-ko multizerbitzuko kutxazainetan, Gipuzkoan internet bidez (www.kutxa.net) eta Kutxako bulegoetako 150 kioskotan, eta Araban Vital Kutxaren internet bidez (www.cajavital.es). Gipuzkoako Kutxan erositako bonuak etxean jasoko ditu erosleak; Vital Kutxan erositakoak, beren-beregi jarritako toki batean Gasteizen, eta bezeroek aukeratzen duten sukurtsalean lurraldearen gainerako herrietan.

Kanpainan parte hartuko duten 364 establezimenduetan erabili ahal izango da bonua, Araba, Bizkai eta Gipuzkoan, iaz gertatu zen bezala. Bonua hautatutako establezimenduan gastatu beharko da osorik, eta inolaz ere ez da dirurik itzuliko.

Bonuaren truke, honako hauek eskuratu daitezke: liburua testu-liburuak, ikasketetakoak eta profesionalak izan ezik), musika (edozein euskarritan -cd, binilo, dvd- eta kontzertuetarako sarrerak), zinea (DVD eta beste euskarri batzuk, eta sarrerak), zuzeneko ikuskizunak

(ikuskizun eszenikoetarako sarrerak) eta museoak (sarrerak eta museoetan sartzeko fidelizazio-txartelak).

Programatik kanpo geratuko dira, eta, beraz, ezingo dira bonu bidez erosi, papergintzako gaiak, informatikako eta elektronikako tresneria, softwarea eta gai suntsikorrak, eta joko eta bideo-jokoak.

Interesatuek abenduaren 12tik 2012ko urtarrilaren 5era bitartean erosi ahal izango dituzte bonuak, finantza-erakunde kolaboratzaileek gaitutako kutxazainetan. Bonuak erosten dituzten pertsonek 2012ko urtarrilaren 20ra arte erabili ahal izango dituzte soilik, programari atxikitako establezimenduetan. Behin epea igaroz gero, ez dute ordaintzeko baliorik izango.

Programari atxikitako establezimenduek jasotzen dituzten bonuak abenduaren 13tik 2012ko urtarrilaren 31ra bitartean kobratu ahal izango dituzte aukeratutako finantza-erakundeetan. Epe hori igaroz gero, bonuak ezingo dira kobratu erakunde kolaboratzaileetan.

Azkenik, Riverak aipatu du Kultura Sailaren 2012. urterako aurrekontuen proiektuan esleituta dagoela Kultura Bonurako sail bat. "Horrek sendotu egiten du joan den urtean ezohiko moduan hasi zen ekintza hau, kultura-sektorea sustatzeko eta babesteko beste apustu bat izan zedin, sektorearen kezka bereziko une hauetan. Sektorea, betiere, bere zabalera osoan ulertu behar da, sortzailetik hasi eta herritarreraino, erakusketa- eta salmenta-kanaletatik pasatuz", azaldu du.