Abiadura kontrolatzeko 2011ko lehen kanpaina jarri du abian Bilboko Udaltzaingoak

Actualizado: lunes, 14 marzo 2011 14:46

BILBO, 14 Mar. (EWUROPA PRESS) -

Bilboko Udaltzaingoak abiadura kontrolatzeko 2011ko lehen kanpaina egingo du gaurtik igandera bitartean. Ekimena Euskal Autonomia Erkidegoko Bide Segurtasunaren Plan Estrategikoaren barruan kokatzen da, eta helburua gidariak bolantearen aurrean duten erantzukizunaz kontzientziatzea da, bide-segurtasuna bermatzeko asmoz.

Modu horretan, Udaltzaingoak egunero batez beste lau kontrol egingo ditu kanpainaren zazpi egunetan zehar, hirian baimendutako abiadura zenbat ibilgailuk gainditzen duten ikusteko. Era berean, radarretan ezarritako muga gainditzen dutenak salatuko dituzte.

Kasu batzuetan, unean bertan emango diote arau-hausleari muga gainditzearen berri, kanpaina dibulgatzailea izateagatik eta gidariek erantzukizuna hartzearren; besteetan, aldiz, jakinarazpena etxean jasoko dute.

Bestalde, Bilboko Udaltzaingoaren Trafiko Sailak jasotako datu guztiak taula batzuetan sartuko dira, estatistikak egite aldera, eta datuak horretarako aurrez ezarritako adierazle batzuetara egokituko dira.

IAZKO KANPAINA

Joan den urtean abiadura kontrolatzeko hiru kanpaina egin ziren eta udaltzainek 722 ibilgailuri isuna jarri zieten -orotara 208.453 ibilgailuk parte hartu zuten kanpainan-; datu horren arabera %0,26 pertsonari isuna jarri zitzaien.

Abiadura kontrolatzeko kanpainan, era berean, hainbat kontrol egingo dira goiz eta arratsaldez, gidarien segurtasunaren ikuspegitik, kokapena edo egoera dela-eta, zirkulazio-sarean arriskutsuagoak jotzen diren puntuetan.