Abortuaren Legearen aurreproiektua erretiratzeko eskatu dute Andaluzia, Asturias, Kanariak, Katalunia eta Euskadik

Actualizado: lunes, 21 julio 2014 12:02

BILBO, 21 Jul. (EUROPA PRESS) -

Espainiako Gobernuak egindako Abortuaren Legearen aurreproiektua erretiratzeko eskakizuna egingo dute gaur, uztailak 21, Madrilen, Andaluzia, Kanariar Uharte, Asturias, Katalunia eta Euskadiko autonomia erkidegoetako berdintasun erakundeetako ordezkariek, Espainiako Osasun, Zerbitzu Sozial eta Berdintasun Ministerioak deitutako Berdintasun Sektore Konferentziaren bileran.

Eskaera galde-eskeen txandan egingo da, Ministerioak errefusatu egin baitzuen aurretiaz aipatu erkidegoetako ordezkariek abortoaren erreformaren gaia eguneko gai zerrendan sartzeko eskaera, Emakundeko iturriek jakinarazi dutenez.

Euskadiko ordezkari gisa, Izaskun Landaida Emakundeko zuzendariak berretsiko du emakumeen eskubideetan eta askatasunean "atzerapauso onartezina" dakarrela lege aldaketak. Landaidaren hitzetan, "legeek berdintasunean oinarritutako eta unibertsala den arau marko bat bermatu behar dute. Pertsona bakoitza izango da gero, bere sinesmenen arabera, erabaki bat edo bestea hartuko duena".

Landaidaren iritziz, "egungo Abortuaren Legea aurreratua da, Europako lege aurreratuenekin bat dator, eta ez du inor abortatzera behartzen, baizik eta haurdunaldia eten nahi duten emakumeei osasun baldintza onetan egin dezaten bermatzen dieten arau marko bat eskaintzen du". "Lege honek aukera ematen die emakumeei gaizkile sentitu gabe abortatzeko", gaineratu du.

Emakundeko zuzendariak gogorarazi du aldaketarekin abortuak egiten jarraituko dutela emakumeek, eta lortuko duten bakarra izango dela "baliabide ekonomikoak dituzten emakumeek bakarrik ahal izango dutela abortatu, beste hainbat idenfentsio juridikoan utziz".