Aburtok Bilboren eraldaketa prozesua azaldu du Belfasten

Actualizado: viernes, 9 octubre 2015 15:50

BILBO, 9 (EUROPA PRESS)

   Juan Mari Aburto Bilboko alkateak hiria eraldatzeko azken urteetan gauzatu den prozesua eta alkate gisa hiriaren etorkizunaz duen ikuspegia azaldu ditu ostiral honetan Belfasten, 150 adituren aurrean.

Guggenheim museoak hiriaren bilakaeran eta aurrerakuntzan izan duen eragina ere hitzaldiaren alderdirik nagusienetakoa izan da, baita udalaren eta euskal erakundeen funtzioa ere.

   Aburtok, Mikel Alvarez Alkatetza, Garapen Ekonomiko eta Gobernu Onaren zinegotzi koordinatzailearekin batera, Bilboko alkate moduan atzerrira egin duen aurreneko bidaia da, Belfast Homecoming izeneko ekitaldian parte hartzeko. Ekitaldia irlandarren diasporaren ingurukoa da, etabigarren urtez jarraian antolatu da Ipar Irlandako hiriburuan.

   Erakunde eta enpresa batzuek, Belfasteko Udala euren artean, eta Belfast Media Group hedabide talde ezagunak bultzatu eta antolatutako topaketaren helburua herrialde horren bilakaera eta etorkizunerako dituzten proiektuak azaltzea da. Mairtin O' Muilleoir Belfasteko alkate ohia eta orain komunikazio taldeko presidentea Bilbon izan zen uztailaren 22an, eta Aburtorekin izandako hizketaldian adostu zuten Belfasteko hitzordua.

   Belfast Homecoming ekitaldian parte hartzeaz baliatuta, Bilboko alkateak bilerak eta bisitak egin ditu. Horrela, Ulsterreko ordezkariekin egon da, enpresa sortzaileak eratzeko sistema eta gazteentzako aukerak ezagutzeko. Cathedral Quarter auzo ospetsuko Oh Yeah kultura eta musika zentroa ere bisitatu du. Belfasteko alkate Arder Carson-ekin ere bildu da.

   Bilboko alkateak adierazi duenez, gure helburua "beste leku batzuetan zer egiten duten jakitea da, ideiak eta proiektuak trukatzea eta interesgarria iruditzen zaiguna gure hirira ekartzea; Bilbo inbertsioak egiteko, turismoa, biltzarrak eta abar erakartzeko leku bihurtu gura dugu eta, horretarako, ezagutu egin behar gaituzte, gure burua eman behar dugu ezagutzera. Bilbo tira handiko hiria da, segurua, irekia, prestatua. 'Marka' ona dugu eta hori bultzatu eta indartu egin behar da".