Adimen Kolektiboa 2.0 tailerra egingo da aste honetan EHUko Arkitekturako Goi Eskola Teknikoan, Donostian

Actualizado: lunes, 28 febrero 2011 11:54

DONOSTIA, 28 Feb. (EUROPA PRESS) -

Adimen Kolektiboa 2.0 tailerra egingo da Euskal Herriko Unibertsitateko (EHU) Arkitekturako Goi Eskola Teknikoan, Donostian, gaurtik ostiralera arte, Zoohaus plataforma parte-hartzaileak koordinatua eta Arkitekturako irakasleek babestua.

EHUko iturriek jakinarazi dutenez, tailerra irekia eta parte-hartzailea izango da, eta Euskal Herrian aurki daitekeen adimenari buruz gogoeta egitea izango du helburu nagusi, hots, jendeak eguneroko bizitzako arazoen aurrean ezagutza sortzeko duen gaitasuna aztertuko da. Adimen honen erregistroa oinarri gisa erabiliko da prototipo bat eraikitzeko, Donostia inguruko kasuistika jakin bat konpontzeko balioko duena.

Tailerra goizeko 9:00etatik arratsaldeko 19:30etara izango da, eta bi eratako jardunaldiak izango dira: kanpoko eragileei irekitako jardunaldiak, alde batetik, eta tailerreko parte-hartzaileentzat soilik izango diren jardunaldiak, bestetik.

"Euskal gizartean aurki dezakegun adimenari buruz gogoeta egiteaz gainera, lan-dinamika interesgarriak jarriko ditugu martxan talde-lanaren emaitza trinko bat lortzeko, amaieran prototipo bat eraikitzeko kolektiboki", adierazi digu Ula Iruretagoiena EHUko Arkitekturako Goi Eskola Teknikoko irakasleak.

Adimen Kolektiboa proiektuak ezagutza kolektiboan oinarritutako nazioarteko kooperazio sare baten eraikuntzan dihardu. Kolonbian sortu zen, 2008an antolatu ziren bi tailerretatik. 2009an, Zoohaus plataformak proiektuari berrekin zion; hala, datu-base bat sortu zuen http://www.inteligenciascolectivas.org/ webgunean eta 2010ean tailer ugari antolatu zituen Hegoamerikako unibertsitateetan. Ameriketan barrena eginiko ibilbidearen ondoren, Adimen Kolektiboa 2.0 tailerra Donostiara iritsi da, 2011n, EHUko Arkitekturara Goi Eskola Teknikora.