Adingabeen eduki sexualeko argazkiak lortzen saiatzea egotzita, gizon bat atxilotu dute Basaurin

Actualizado: viernes, 27 enero 2017 12:45

BILBO, 27 (EUROPA PRESS)

Ertzaintzaren agenteek 43 urteko gizonezko bat atxilotu zuten asteazkenan Basaurin, adingabeen eduki sexualeko argazkiak lortzen saiatzea egotzita. Sakelako telefonoetarako txat aplikazio bat erabiltzen omen zuen bere helbururako, eta adingabe bati bere eta bere lagun baten argazkiak eskatu zizkion, diruaren truke.

Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak jakinarazi duenez, ikerketa joan den abenduan hasi zen, gazte baten gurasoek jarritako salaketaren harira. Salaketan adierazi zutenez, txat aplikazio baten bitartez gizonezko bat beren alaba adingabearekin harremanetan jarri zen, eta diruaren truke bere eta bere lagun baten sexu izaerako argazkiak bidaltzea eskatu zion.

Ertzaintzaren ikerketari esker identifikatu ahal izan zuten akusatua, 43 urteko gizonezko bat, eta asteazken arratsaldean atxilotu zuten Basaurin, sexu askatasunaren eta sexu ukigabetasunaren aurkako ustezko delitu baten egilea delakoan.

AHOLKUAK

Delitu informatikoetan adituak diren Ertzaintzaren agenteek sei urte baino gehiago daramate Euskal Autonomia Erkidegoko (EAE) ikastetxeetan hitzaldien bidez ikasleei irakasten nola saihestu sakelako telefonoaren bidez, Internet bidez eta sare sozialen bidez egiten diren delituen biktima izatea eta nola jardun behar duten biktima badira. Adingabeak engainatzea, beldurtzea eta jazartzea -'grooming' gisa ezagutzen dena- da adingabe batek sare sozialetan izan dezakeen arriskurik handienetako bat.

Mota horretako delituen biktima izatea saihesteko, Ertzaintzak oinarrizko segurtasun arau batzuk proposatzen ditu: arretaz ibili sare sozialen bidez ezezagunekin harremanetan jartzeko garaian eta norberaren irudiak edo eduki sexualekoak grabatzean edo hedatzean; ez eman inori pasahitza, lagun handia dela uste bada ere (pasahitza norberarena da, norberarena eta besterenezina); ez sartu pasahitzak jatorrizko zerbitzuarekin zerikusirik ez duten web orrietan; saihestu argazki konprometituak gordetzea edo trukatzea, ezta bikotekidearekin edo lagun minekin ere, harremanak amai baitaitezke; erne ibili hurbileko pertsonek sarean jarrera aldatzen badute, gerta baitaiteke norbait haien kontuan sartu izana.

Adingabeen kasuan, gurasoei gomendatzen zaie seme-alaben sare horien bidezko komunikazioak ikuskatzea eta Ertzaintzari ohartaraztea delitu susmoren bat badute.