Adolfo Muñoz izango da berriz ELAko idazkari nagusia, %89,8ko babesarekin

Actualizado: jueves, 24 enero 2013 18:11

BILBO, 24 Ene. (EUROPA PRESS) -

ELAko ordezkariek Adolfo Muñoz aukeratu dute berriro sindikatuko idazkari nagusi, %89,8ko babesa eskainita. Gainera, sindikatuaren batzorde exekutibo berria ere aukeratu dute.

Sindikatua "Lankidetu" goiburuarekin Bilbon egiten ari den XIII. Biltzarraren azken jardunaldian izan da bozketa. Zehazki, kide berririk ez duen ELAko zuzendaritza berriak aldeko 635 eta kontrako 50 boto jaso ditu; 21 boz zuri izan dira eta bat baliogabea.

Horrela, ELA sindikatuko batzorde exekutibo berria ondoko hauek osatzen dute: Adolfo Muñoz, idazkari nagusia; Amaia Muñoa, idazkari nagusiaren ondokoa, diruzaina eta Iparraldeko ordezkaria; Patxi Agirrezabala, Komunikazio arduraduna; Amaia Aierbe, Zerbitzu Juridikoak; Xabier Anza, Prestakuntza arloko arduraduna; Laura Gonzalez de Txabarri, Nazioarteko Harremanen arloan; Txema Laiseka, Afiliazioko arduraduna; eta Mitxel Lakuntza, Nafarroako koordinatzailea.

Halaber, Mikel Novalek Gizarte Politika, Enplegu eta Prestakuntza, Ikasketen Bulego eta Ingurumen arloak zuzenduko ditu; Leire Txakartegik Genero Berdintasuneko Politikak, Gazteak, Lan osasuna, Immigrazioa, Euskara eta Langabezia arloak; Eustakio Urangak Antolakuntza eta Ekintza Konfederala; eta Joseba Villarrealek Negoziazio Kolektiboa.