Ados Teatroak "Dublindarrak" antzezlana estreinatuko da aste honetan, Arriaga Antzokian

"Dublindarrak"
ARRIAGA ANTZOKIA
Actualizado: martes, 23 enero 2018 12:48

BILBO, 23 (EUROPA PRESS)

Bilboko Arriaga Antzokiak urteko lehenengo antzerki estreinaldia eskainiko du aste honetan: "Dublindarrak", James Joyce egile irlandarraren "Dubliners" lan klasikoan oinarritutako lana. Garbi Losadaren zuzendaritzapean, Ados Teatroa taldeak erronka hartu du bere gain, eta Asier Hormaza, Iñake Irastorza, Klara Mendizabal, Asier Sota, Naiara Arnedo, Aitor Beltran, Isidoro Fernandez eta Lierni Fresnedo bilduko ditu agertokian.

"Dublindarrak" antzezlana Joyceren jatorrizko lanaren moldaketa librea da, Losadak berak Jose Antonio Vitoriarekin batera egindakoa. Eszenografiaren diseinua ere biena da.

Erabateko estreinaldia ostiralean izango den arren, urtarrilaren 26an, iluntzeko 20:00etan, asteazkenean eta ostegunean, hilaren 24an eta 25ean, bereziki ikasleei zuzenduriko bi saio izango dira goizeko 11:00etan. Ikasleentzako saioak izan arren, edonor joan daiteke goizeko saioetara ere.

"Xumea bezain sakona den bizitzaren iragankortasunari, gaztetako maitasun galduari eta nostalgiak eta engainuak usteldutako bizitzei buruzko kontakizun zirraragarria taula gainean ikusteko aukera bikaina da", nabarmendu zuten aurkezpenean obraren arduradunek.

ARGUMENTUA

Argumentuari dagokionez, jatorrizko kontaketa Dublinen kokatzen da, 1904ko Errege egunean. Adin eta sexu desberdineko maila ertain-altuko pertsonaia batzuk Morkan andereñoek bere egoitzan urtero antolatzen duten afarira iristen dira. Morkan andereñoak musika irakasleak dira eta gau-jaiak kutsu musikazalea dauka. Giroa ezin hobea da. Kanpoan elurra ari du baina barrualdean etxe giro goxoa, janari atsegingarria, ohitura onak, lasaitasuna, anaitasuna eta umore ona arnasten dira.

Gonbidatuen artean Gabriel anfitrioien iloba eta bere emazte Gretta daude. Guztiak afari eta gau-jai zoragarriaz gozatzen ari dira. Gaua bukaerara iritsi eta Gabriel eta Gretta alde egitekotan daudenean, abesti bat entzuten da eta emaztea tristuraz betetzen da bat batean, gazte garaiko maitasun galdu bat gogora datorkiolako. Hildako batenganako maitasuna da, bere bizitza osatu duten beste gertakizun eta sentimendu guztiak baina indartsuagoa den maitasuna.

Emanaldi bakoitza hasi baino ordu erdi lehenago, antzezlanaz mintzatzeko solasaldia eskainiko du Zenbat Gara elkarteko Xabier Monasteriok. Arriaga Antzokiko foyerrean izango dira solasaldiak eta 20 minutu iraungo dute, ondoren eszenatoki gainean gertatuko denaren aurrerapen gisa.

Sarrerak 6,50 eta 20 euro artean erosi daitezke www.teatroarriaga.eus webgunean, 946 850 850 telefonora deituta eta antzokiko txarteldegietan, aurretiazko salmenta ordutegian.