AECCeko bolondresak Galdakao-Usansolo Ospitalean egongo dira, minbizia dutenen eta familien bizi kalitatea hobetzeko

Galdakao-Usansolo Ospitaleko sarrera
Foto: Europa Press
Actualizado: martes, 4 febrero 2014 17:28

BILBO, 4 (EUROPA PRESS)

   Galdakao-Usansolo Ospitaleak lankidetza hitzarmena sinatu du Minbiziaren aurkako Espainiako Elkartearekin (AECC gaztelaniaz), gaixo onkologikoek eta haien familiek bizi kalitate hobea izan dezaten. Hitzarmenari esker, elkarteko bolondresek lagunduko diete gaixoei eta haien familiei, pazientearen egoerak horretarako aukera ematen badu eta eraginpean daudenek eragozpenik jartzen ez badute.

   Zehazki, helburua da AECC elkarteko kideek gaixoei laguntzea gaixoen senitartekoek atseden hartzeko beharra dutenean, eta babes emozionala ematea pazienteei eta haien familiei, diagnostikoari eta patologiaren prozesuari loturiko emozioak adierazi ditzaten.

   Orobat, hitzarmenak barnean hartzen du adoretze eta entretenimendu jarduerak eskaintzea, gaixoei ospitaleko egonaldia atseginago egiteko. Horrez gain, hitzarmenak ahalbidetuko du erabilgarri dauden baliabideak azkar bideratzea, bolondresen koordinatzailearen bitartez; hain zuzen, koordinatzaileak hautemango du zein egoeratan eta zein behar dagoenean esku hartu beharko duten langile espezializatuek.

   Minbiziak iraupen luzeko etengabeko zainketak eskatzen ditu eta, maiz, pazientearen itxurak okerrera egiten du. Hori kolpe psikologiko gogorra izaten da senitartekoentzat, eta desoreka eragiten du elkarbizitzan.

   Arazo horren aurrean, Osakidetzako Galdakao-Usansolo Ospitaleko Onkologia Zerbitzuaren arduradun Josefa Ferreiro doktoreak nabarmendu duenez, lankidetza "oso onuragarria izango da, pazientearentzat ez ezik, familiarentzat ere". "Gure pazienteak aldian behin etortzen dira ospitalera, eta ospitaleratu behar izaten ditugu, batzuetan. Horren ondorioz, familia ingurune osoa erabat aztoratzen da", azaldu du.

   Ferreiro doktoreak adierazi duenez, AECC elkartearekin sinatutako hitzarmenari esker, "beharbada, egoera jakin batzuetan, pazientea eta haren familia lasaiago egongo dira, ez soilik fisikoki, bai eta alderdi emozionalean ere, eta horrek bizi kalitatea nabarmen hobetzea ekarriko du pazientearen ingurune osora".

   Bestalde, AECCren Bizkaiko kudeatzaile Gabriel Otalora "oso pozik" agertu da hitzarmena sinatu izanarekin, "ezinbestekoa den arreta psikologiko eta soziala eskainiko baitie gaixoei eta haien familiei".

   AECC elkarteak konpromisoa hartu du pazienteak behar bezala artatzeko boluntario kopurua emateko eta boluntarioak identifikatzeko mantalak hornitzeko. Ospitaleak leku batzuk utziko ditu, bolondresak koordinatzeko ardura izango duten profesionalek bulego gisa erabil ditzaten, eta beharrezko irizpide medikoak emango ditu, jarduerak egiterakoan bizikidetza balioetsi dadin. Jarduerak goizez egingo dituzte, ospitalearen funtzionatzeko era ez oztopatzeko egokien joko diren orduetan.

BORONDATEZKO LANA OSAKIDETZAN

   Basurtuko eta Arabako unibertsitate ospitaleek sinatuta dute jada hitzarmena AECCrekin. Hitzarmen horri esker, ospitale horietako gaixo onkologikoek laguntza soziala eta afektiboa jasotzen dute.

   Gurutzetako Unibertsitate Ospitalean, Bizkaiko Minbizidun Haurren Elkarteak (Aspanovas) hainbat urtez dihardute haur onkologikoen eta haien familien egunerokotasunean parte hartzen. Elkarte horretako boluntarioek laguntza morala, psikologikoa eta azpiegiturak ematen dituzte.

   Bestalde, orain dela hiru hilabete, Donostia Unibertsitate Ospitaleak lankidetza hitzarmena sinatu zuen Nagusilan Adinekoen Giza Boluntariotza elkartearekin eta, hitzarmen horri esker, irakurketa saioak egiten dituzte Onkologiako eta Zainketa Aringarrietako pazienteekin, ospitaleko egonaldia atseginago egiteko asmoz.

   Horrelan, asteazken honetan, otsailaren 5ean, irakurketa saio bat antolatu da: Gabriel Garcia Marquezen. "El avión de la bella durmiente" eta Anton Chejoven "La bromita". Hitzordua 17:30ean izango da, Donostia Ospitaleko Gipuzkoa eraikineko 3. solairuan.