AEK-k mintzapraktika egitasmoei buruzko jardunaldi bat egingo du ostiral honetan Bilbon

Actualizado: jueves, 27 noviembre 2014 17:16
av2" class="NormalTextoNoticia" itemprop="articleBody">

BILBO, 27 (EUROPA PRESS)

   AEKren Praktika Jarduerak zerbitzuak mintzapraktika egitasmoei buruzko jardunaldia antolatu du, Bizkaiko Foru Aldundiaren laguntzarekin, ostiral honetarako, azaroaren 28rako, Bilboko La Bolsa hiri zentroan, "Gaur, euskara praktikatu. Bihar, euskaraz bizi" izenburupean.

   Gero eta jende gehiago biltzen da gaur egun mintzapraktika egitasmoen inguruan, eta fenomeno horrek interesa piztu du hainbat adituren artean, antolatzaileek nabarmendu dutenez.

   Ana De Castro Bizkaiko Aldundiko Euskara zuzendariak eta Mertxe Mugikak AEKren koordinatzaile nagusiak egingo diete ongietorria parte hartzaileei, eta ondoren, mintzapraktika egitasmoetan eskarmentua duten lau adituren hitzaldiak izango dira.

   Alde batetik, 19. Korrikaren arduradun Asier Amondok Korrikari buruz egingo du berba, galdera bati erantzunez: nola iritsi da Korrika, ideia zoro batetik abiatuta, herri oso bat martxan jartzen duen ekimena izatera? Amondo AEKren Artezkaritza Kontseiluko kidea da, eta Laudioko Udaleko Euskara Aholku Batzordeko kidea eta Basalarrina Euskara Elkartearen sustatzailea izan da.

   Bestalde, Deustuko Unibertsitateko Giza eta Gizarte Zientzietako Fakultateko irakasle eta ikerlari Jone Goirigolzarri euskal hiztun berrien hizkuntza identitateari buruz mintzatuko da. Izan ere, euskal hiztun berriek zalantza izan ohi dute beraien burua euskaldun berri ala euskaldun moduan azaltzeko, bi adieron atzean legitimitate maila desberdinak bereiz daitezkeelako.

   Hitzaldiaren xedea da euskal hiztun berriek identifikatzea zenbait eragile gako beraien burua benetako euskaldun moduan hautemateko. Goirigolzarri Labayru ikastegian irakasle eta Egizu Getxo Euskaldun elkartean Berbalagun proiektuko dinamizatzaile ibilitakoa da.

   Halaber, Euskararen Gizarte Erakundeen Kontseiluko Maite Indak mintzapraktika egitasmoek betetzen duten arnasgune funtzioaz hitz egingo du. Inda Kontseiluko ildo sozialeko burua da. Herrietan arlo sozialeko ekimenak dinamizatzen aritu zen lehenik, eta ondoren hizkuntza-politikaren neurketa egin zuen.

EUSKARA ERAKARGARRI BIHURTU

   Azkenik, Euskal Herriko Unibertsitateko (EHU) irakasle eta soziologo Iñaki Martinez de Luna egitasmo hauetako partaideen artean diskurtsoa garatzeari buruz mintzatuko da, euskara denontzat erakargarri bihurtzea erronka den une honetan. Galdera honetaz egingo du hausnarketa: ba ote dago argudio edo motibo berririk euskararekiko interesa areagotzeko, orain arte gogo handirik izan ez duten horiengan?

   Martinez de Luna Soziolinguistika Klusterreko sortzaileetako bat da, bai eta 'Bat' soziolinguistika aldizkariko zuzendaria, Gasteizko Geu euskara elkarteko lehendakaria, Hiznet hizkuntza plangintza graduondoko zuzendaria eta Euskara aholku batzordeko Euskara 21 batzorde ataleko zuzendaria.

   Atsedenaldiaren ondoren, lantaldeak osatuko dira, eta jardunaldia amaitzeko, mintzapraktika egitasmoetako partaideen testigantzez eta bizipenez osatutako bideoa aurkeztuko da.

   Dagoeneko 60 bat lagunek eman dute izena jardunaldian, guztiak ere eskarmentudunak, hainbat ikuspuntutatik, mintzapraktika egitasmoetan: berbalagunak, dinamizatzaileak, euskara teknikariak, euskaltegietako zuzendari eta irakasleak edota euskara elkarteetako kideak.