Aguraingo Lope de Larrea ikastetxeko ikasleek asteazkenean estreinatuko dute eraikin berria

Eraikin berria, erdian
IREKIA
Actualizado: martes, 19 enero 2016 13:53

GASTEIZ, 19 (EUROPA PRESS)

   Aguraingo (Araba) Lope de Larrea Haur eta Lehen Hezkuntzako ikastetxeko ikasleek eraikin berria estreinatuko dute asteazken honetan, urtarrilaren 20an, lanak amaitu ondoren. Ikastetxeak eraikin berrian ezarriko ditu lehen hezkuntzako ikasgelak (hiru gela) eta musika nahiz informatika gelak.

   Olatz Garamendi Eusko Jaurlaritzako Administrazio eta Zerbitzuen sailburuordeak eta Iñaki Beraza Aguraingo alkateak ikastetxean egin den erakin berria bisitatu dute astearte honetan, ikastetxeko zuzendariaren gidaritzapean. Eusko Jaurlaritzak 685.583,42 euroko inbertsioa egin du handitze lan hauetan. Eraikin berriak azken urteetan Arabako Lautadako udalerri honetan izan den matrikula hazkundeari erantzuna ematen dio.

   Aguraingo Haur eta Lehen Hezkuntzako Lope de Larrea ikastetxeko eraikin berriaren ezaugarri nagusiak hauek dira: bost ikasgela berri (46-53 metro koadro artekoak), psikomotrizitate gela (87 metro koadro), komunak, artxiboa, biltegia eta aterpedun jolastokia. Eraikitako azalera 782 metro koadro izan da, eta inbertsioa 685.583,42 euro (BEZ barne).

   Eskola handitzeko eraikin berria kiroldegiaren eta eraikin nagusiaren artean egin da, eta lehendik bertan zeuden bi eraikin horiek elkartzen ditu. Honela, eraikin luze bakar bat da emaitza, baina izaeraz, formaz eta alturaz desberdinak diren hiru bolumen bereizik osatua. Eraikin berriak 5 ikasgela ditu, komunak, biltegia eta artxiboa. Era berean, Lope de Larrea ikastetxean egin diren lan hauekin, psikomotrizitate gela berria ere egin da (kiroldegiko eraikinean), eta larrialdietarako eskailera, eraikin nagusiaren hegoaldeko fatxadan.

   Handitze lanek ez dute beheko solairuaren azalera guztia hartu, eta azalera horren zati handi bat aterpe ireki moduan utzi da. Lehen solairua, hiru eraikinak batzen dituen korridore batek zeharkatzen du alderik alde: honen mutur batean psikomotrizitate gela dago (kiroldegian), eta beste muturrak bat egiten du eraikin nagusiarekin. Eraikin berriko eskailerak alde honetan egin dira, eta horrela, eraikin nagusiko bigarren solairura bertatik ere igo daiteke.

JASANGARRITASUNA

   Bestalde, energia aurrezpena eta jasangarritasuna dira eraikin berria egiterakoan oso kontuan hartu diren bi alderdi garrantzitsu. Horretarako, ikasgela berrietan aireztatze mekanikoko sistema ezarri da, baita LED argiztapena ere. Sistema hauek energia aurrezpen nabarmena dakarte, eta, horrez gain, fatxada aireztatua eraiki zaio, egun indarrean den araudiak eskatzen duena baino isolamendu handiagoak erabiliz. Era horretan, barneko konforta ez ezik, energia kontsumo murritzagoa ere lortzen da.

   2015-2016 ikasturtean, Aguraingo Lope de Larrea ikastetxean 510 neska-mutil ari dira ikasten (12 urte artekoak), Aguraingoak bertakoak nahiz Arabako Lautadako beste herri batzuetakoak. Horien artean, 310 Lehen Hezkuntzako ikasleak dira, eta gainerakoak Haur Hezkuntzakoak. Lehen Hezkuntza Lope de Larrea ikastetxean amaitu ondoren, ikasleek Agurainen bertan osatzen dute Derrigorrezko Bigarren Hezkuntza, Aniturri Institutuan.