Ahoskera Jardunaldia egingo du Euskaltzaindiak Donostian urriaren 23an

Actualizado: martes, 13 octubre 2015 18:19

DONOSTIA, 13 (EUROPA PRESS)

   Euskaltzaindiaren Ahoskera batzordearen ekimenez, Ahoskera Jardunaldia egingo du Akademiak urriaren 23an Gipuzkoako ordezkaritzan, Donostiako Luis Villasante Euskararen Ikergunean. Jardunaldia 09:00etan hasiko da eta, 14:30 arte, Miren Azkaratek, Iñaki Caminok, Julia Marinek eta João Velosok hitzaldi bana emango dute. Ahoskera batzordeak landutako txostena ere aurkeztuko da, Euskaltzaindiak jakinarazi duenez.

   Jardunaldiaren xedea ahoskeraren inguruko gogoeta egitea da: behar al du euskarak ahoskera estandarrik? Ba al dute euskalkiek lekurik ahozko euskara batuaren ondoan? Zer da hizkera estandar bat? Ahoskera irakatsi behar da? Ikas daiteke? Horiek eta beste hainbat galdera jarriko dira mahai gainean. Ahoskerak hitzak hainbat modutara ahoska daitezkeela erakusten du eta ahoskatze horrek beti dituela, hizketa hotsez gain, doinua edota erritmoa.

   Jardunaldia antolatu duen Ahoskera batzordeko kideen esanetan, "hizkuntza, zorionez, bizirik dago eta horrek esan nahi du hizkuntza hots dela: adin, bizileku, jatorri, egoera, iritzi eta lanbide desberdinetako hiztun elebidunen ahoetatik belarrietara dabilen hotsa. Hizkuntzaren arnasa den hotsa". Anitza eta askotarikoa da, beraz, eta faktore ugarik eragiten dute bere musika.

   1998an Euskaltzaindiak Euskara Batuaren Ahoskera Zaindurako (EBAZ) araua plazaratu zuen. Bertan, honela esaten da: "Euskara Batuaren ahoskera zaindua (EBAZ) ahozko hizkuntza estandarra izango da, alegia hiztun ororen erreferentzia tresna, hizkuntzaren maila formaletan erabili beharko dena. EBAZ ez da orain arteko hizkeren ordezkotzat hartu behar, osagarritzat baizik. Ez da Euskara Batua ahoskatzeko modu bakarra eta are gutxiago, noski, euskalkiak ahoskatzeko era. Besteak beste, horrek esan nahi du EBAZ ingurukoaz edo irakaslearen ahoskera biziaz gainera irakatsi beharko dela eta ez haren ordez. Era berean, on da, komunikabideek ere askotariko eredua edo eredu malgua ematea".

   Ordutik hona ia 20 urte joan dira eta Ahoskera batzordeak uste du garaia dela horretaz guztiaz hausnarketa egiteko, eta horretarako antolatu da jardunaldia. Izena emateko Euskaltzaindiaren egoitzara (94 415 81 55) edo Gipuzkoako ordezkaritzara (943 42 80 50) deitu behar da, eta "Mezua" eremuan adierazi jardunaldian izena eman nahi dela. Izen ematea doakoa da.