Akitania Berriak, EAEk eta Nafarroak enpresa sinergiak sortzea aztertu dute

Bilera Hendaian izan da
ORKESTRA
Actualizado: jueves, 23 marzo 2017 12:52

BILBO, 23 (EUROPA PRESS)

Akitania Berriko, Euskal Autonomia Erkidegoko (EAE) eta Nafarroako Foru Erkidegoko gobernu eta erakundeetako ordezkariak eta COMPETITIV'eko proiektuko erakunde bazkideak Hendaian elkartu dira ostegun honetan, proiektuaren aurrerapenak ezagutzeko eta elkarrekin gogoeta egiteko mugaz gaindiko lankidetzaren eskualde interesen inguruan, eskualde bakoitzaren espezializazio ekonomikoa oinarri hartuta.

COMPETITIV'eko mugaz haraindiko proiektu estrategiko bat da, 2013an sortua, Europako POCTEFA programaren barruan. Berrikuntza eta lehiakortasuna sustatu nahi ditu, enpresen arteko lankidetzarako ekosistema bat garatuz, Akitania Berriak, EAEk eta Nafarroak osatzen duten euroeskualdean. Proiektu horretan ari dira CCI Bayonne Pays Basque, Orkestra Lehiakortasunerako Euskal Institutua, Sodena, Gipuzkoako Ganbera eta Bihartean. Hiru eskualdeetako erakunde horiek partzuergo bat sortu dute.

Orkestra institutuaren iturriek adierazi dutenez, lankidetzarako ekosistema sortzeko ezinbestekoa da negozio kanalak eta erakundeen arteko lankidetza indartzea. Epe laburrera begira, lankidetzarako dinamika iraunkor bat zehaztu nahi da eta, hiru lurraldeetako RIS3 estrategiari begira, mugaz gaindiko eremu honen indarguneak aztertu. Epe luzeagora, berriz, mugaz haraindiko lankidetza hitzarmenak bultzatu nahi dira enpresentzat eta jakintza arloko eragileentzat, produktu berriak merkaturatzeko.

Horretarako, COMPETITIV'eko proiektuan lurralde bakoitzeko ekonomia eragileekin lan egingo da (klusterrak, garapen agentziak, zentro teknologikoak, enpresak, unibertsitateak eta abar), manufaktura aurreratua, energia, elikadura eta osasunaren eremuetan.

BATZORDE ESTRATEGIKOA

Proiektuaren Batzorde Estrategikoak bilera egin du ostegun honetan Hendaian. Bertan izan dira Akitania-EAE-Nafarroa euroeskualdeko erakundeetako ordezkariak eta COMPETITIV'eko proiektuko erakunde bazkideetako bakoitzeko kideak. Guztiek izan dute aukera proiektuaren aurrerapenak ezagutzeko eta mugaz gaindiko lankidetzarako interesen inguruan gogoeta egiteko, RIS3 estrategiei lotuta.

Bileran parte hartu dute, besteak beste, Bernard Uthurry Akitania Berria eskualdeko Ekonomiaren Garapenerako presidenteordeak, Jesus Maria Peña Eusko Jaurlaritzako Lehendakaritzako idazkari nagusiak eta Manu Aierdi Nafarroako Gobernuko Ekonomiaren Garapenerako presidenteordeak.

Era berean, proiektuaren pilotaje batzordea ere elkartu da, orain arte lortutako emaitzak partekatzeko eta mugaz haraindiko lankidetzaren eragingarritasunari lagundu diezaioketen politika, tresna eta eragile potentzialen inguruan gogoeta egiteko.