Akordeoia eta euskal soinulariak, "Erlea" aldizkariaren 11. zenbakiaren protagonistak

"Erlea" Aldizkariaren Hamaikagarren Zenbakia Aurkeztu Dute
EUSKALTZAINDIA
Actualizado: viernes, 24 noviembre 2017 17:12

DONOSTIA, 24 (EUROPA PRESS)

Euskaltzaindiak "Erlea" aldizkari literarioaren hamaikagarren zenbakia arkeztu du ostiral honetan, Donostian, Foru Aldundiaren egoitzan. Zenbaki berriak akordeoi edo soinuari erreparatu dio, Euskal Herrian izan duen bilakaera aztertuz, akordeoilari ezagunen eta ez hain ezagunen testigantzak baliatuta.

Andres Urrutia euskaltzainburuak, Mikel Irizar Gipuzkoako Aldundiko Hizkuntza Berdintasunerako zuzendaria eta Bernardo Atxaga euskaltzain eta "Erlea" aldizkariaren zuzendariak parte hartu dute zenbaki berriaren aurkezpenean. Joxan Goikoetxea musikaria ere bertan izan da.

"Testigantza sakon eta sentiberak daude zenbaki berri honetan, eta istorio harrigarriak, gure herriaren iraganaren mapa osatzeko ezinbestekoak," iragarri du Atxagak.

Horretarako, musikari agerikoei eta ezkutukoei erreparatu die idazle asteasuarrak. "Zenbat akordeoi jole izan dugun Euskal Herrian barrena, gure herrietan baino ez dutenak ospea izan. Horiei eskaini nahi izan diegu hamaikagarren ahalegin hau", esan du.

Horrela, aldizkarian ageri dira Joxan Goikoetxea, Kaxiano, Josu Zabala, Joseba Tapia, Jabier Muguruza edo Ander Telleria gaztearen profilak, eta, beraien ondoan, hainbeste sona izan ez zuten beste batzuk, esaterako, Xixilio edo Pedro Arbe Patxoa.

CHARRITTON

Halaber, besteak beste, Jean-Louis Davant euskaltzainak joan den marxtaoan zendutako Piarres Charritton ohorezko euskaltzainari buruz idatzitako testua ere jaso du "Erlea" aldizkariaren zenbaki berrian. Bide batez, azken hamarkadetako Ipar Euskal Herriko historia errepasatzen da.

Hasieratik sortzaileei emandako tartea ere gorde du, eta bertan idatzi dute, besteak beste, Gotzon Barandiaran, Castillo Suarez, Luigi Anselmi edo Ana Malagonek. Gainera, kolaboratzaile aritu dira Felix Ibargutxi, Miel A. Elustondo, Idoia Noble, Imanol Pradells, Amagoia Gurrutxaga, Patziku Perurena, Joxe Ramon Arbe, Manolo Martinez, Ramon Irazu, Jone Irazu eta Joseba Luzuriaga. Zenbaki berrian agertzen diren irudiak Juan Sagastizabalenak dira, azala barne, eta, beti bezala, Asun Garikano arduratu da edizioaz.

Andres Urrutia euskaltzainburuak Atxagak egiten duen ahalegina goraipatu du agerpenean, eta aurreratu du hau ez dela izango "Erlea" aldizkariaren azken zenbakia, 2018rako "ziztada berri bat" prestatzen ari direla aurreratu baitu. "Gure sortzaileen lana batu eta erakutsi nahi dugu, euskal kultura jaso eta gizartearen aurrean proiektatu, eta horixe da 'Erleak' egiten duena", adierazi du.