Aldundiak 400.000 euro bideratuko ditu Gipuzkoan mugimendu feminista eta berdintasunerako tokiko politikak indartzera

Actualizado: viernes, 15 febrero 2013 14:15
cia" class="NormalTextoNoticia" itemprop="articleBody">

DONOSTIA, 15 (EUROPA PRESS)

   Gipuzkoako Foru Aldundiak 400.000 euro erabiliko ditu guztira emakumeen elkarte eta mugimendu feministak indartzeko eta udalerrietan berdintasuneko politika publikoak gara daitezen bultzatzeko. Berdintasuneko Zuzendaritza Nagusiaren diru-laguntzen deialdia datorren astean argitaratuko da Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean eta, horrela, lurraldeko elkarte feministek eta udalek aurkez ditzakete eskaerak, Foru Aldundiaren laguntza ekonomikoa jasotzeko.

   Berdintasuneko foru zuzendari Laura Gomezek azpimarratu du Zuzendaritzaren aurrekontuaren %38 bideratuko duela deialdi honetara: 200.000 euro elkarteek garatutako proiektu estrategikoetarako eta beste 200.000 euro, berriz, berdintasun politikak indartzera zuzendutako udal ekimenetarako. Horrela, azken bi urteotan 100.000 euroan handitu da deialdi honen aurrekontua, "Foru Aldundiak politika feminista eraldatzaileekiko, mugimendu sozialekiko eta Gipuzkoako emakumeen jabekuntzarekiko duen konpromisoa" agerian utziz.

   Gomezek nabarmendu du diru-laguntza horiei esker kolektiboek beren proiektuak diseinatu ditzaketela, proiektu anitzak, emakume mota orotara iristen direnak. Izan ere, laguntza lerro horrekin, besteak beste, Feministaldia bezalako hainbat ekimen egin dira; emakume migratzaileek antolatutako lidergo eskolak jarri dira abian; hiri debekatuaren mapak egin dira; edo mendekotasuna duten pertsonak zaintzen dituzten emakumeen jabekuntzaren alde lan egin da.

   Elkarteei egiten zaien deialdiaren kasuan, emakume kolektiboek eta irabazi asmorik gabeko erakundeek aurkeztutako jarduerak finantzatuko dira, jarduera horien helburu eta esparru bakarra berdintasuna sustatzea denean.

   Udalei zuzendutako laguntza-lerroari dagokionez, proiektu estrategikoetarako finantziazioa lortzeko, udalek berdintasunerako politikak garatzeko marko egonkor bat izan behar dute jada: plana, gai honetan espezializatutako langile teknikoak eta berariazko aurrekontu bat.

2012KO DEIALDIA

   Bestalde, Laura Gomezek gogorarazi du 2012. urteko deialdian 32 proiektuk -20 udaletan- eta 45 ekimenek -31 elkartetan- laguntza jaso zutela. Elkarteek egin zituzten ekimenak askotarikoak izan ziren: jabekuntzarako sentsibilizazioa eta prestakuntza bultzatzea eta genero desberdintasunen inguruko kontzientzia hartzea xede zutenak (%60); emakumeek lan sare kolektiboetan parte hartzea sustatzera zuzendutakoak (%22); eta indarkeria matxistaren arloko prebentzioa eta arreta hobetzeko helburua zutenak (%13), besteak beste.

   Halaber, udalei emandako diru-laguntzei dagokienez, %47 emakumeen jabekuntza eta parte-hartze soziopolitikoa bultzatzeko jarduerak izan ziren; %31 indarkeria matxistaren arloko arretaren ingurukoak; eta %19 udal politiketan genero ikuspegiaren zeharkakotasuna sustatzera zuzendu ziren.