Alemaniako 30 profesionalek txakolina eta Arabar Errioxako ardoa ezagutuko dute bertatik bertara

Actualizado: martes, 8 febrero 2011 14:43

BILBO, 8 Feb. (EUROPA PRESS) -

Eusko Jaurlaritzako Ingurumen, Lurralde Plangintza, Nekazaritza eta Arrantza Sailak jarduera bat jarri du abian Arabar Errioxako ardoak eta txakolina Alemanian sustatzen laguntzeko, eta enpresa-topaketak antolatu ditu otsailaren 9tik 12ra, 16tik 19ra eta 23tik 26ra. Alemaniako sektoreko 30 profesionalek Arabar Errioxako 30 bat upategi eta txakolindegi ezagutzeko aukera edukiko dute.

Eusko Jaurlaritzako Ingurumen, Lurralde Plangintza, Nekazaritza eta Arrantza Sailaren arabera, ardo-kontsumoan Alemania munduko laugarren herrialdea da, eta horrek esan nahi du munduko inportatzaile nagusienetariko bat dela, baita euskal ardoak sustatzeko merkatu-helburu bat ere, irailean Kolonian eta Berlinen egin zen bezala.

Horregatik, Eusko Jaurlaritzak Alemaniako profesionalek Euskal Autonomia Erkidegoko (EAE) mahastiak eta ardogintzako eskualdeak zuzen-zuzenean ezagutzeko otsailean zehar egiteko hiru bidaia antolatu ditu: 9tik 12ra, 16tik 19ra eta 23tik 26ra.

Besteak beste, inportatzaileek, banatzaileek, sukaldariek, kazetari espezializatuek eta iritzi-liderrek osatuko dituzte talde alemaniarrak. Ardandegi-jabeek, zaintza handiko mahastiek, ekoizpen tradizionalekoak eta instalazioen etengabeko mantentze-lanetan eta hobekuntzan oinarriturik dauden euren ardoen esentzia erakustea espero dute.

Bestalde, euskal gastronomia sustatzeko asmoz, gastronomia-maila handiko jatetxeak bisitatuko dituzte, Alemaniako ordezkariak kalitate handieneko produktuak dasta ditzaten. Halaber, beste jarduera bezala, dastatze irekia ere antolatuko da, ardandegi-jabeen eta espezialista alemanen artean, ardorik onenak dastatu eta euren iritziekin eta ezagutzekin bateratze-lana egiteko; horrela, ardandegi-jabeek euren ardoek Alemaniako merkatuan zer-nolako harrera duten jakin ahal izango dute.

Hainbat jardueraren bidez, Arabar Errioxako ardoak eta txakolina Alemaniako merkatuan sustatzeko asmoari eutsiko zaio 2011. urtean, adibidez ProWein azokan parte hartuz, herrialde horretan erakusketak eginez, Alemaniako saltoki eta jatetxeetan eskaintzak eginez edota sektore horretako profesionalentzat Euskal Herrira bidaiak antolatuz.