Alemaniatik EAEra heldutako turisten kopurua %26 igo zen 2016. urtean

EAEren standa Berlingo ITB azokan
BASQUETOUR
Actualizado: miércoles, 8 marzo 2017 18:34

BILBO, 8 (EUROPA PRESS)

Alemaniatik 102.520 turista heldu ziren Euskal Autonomia Erkidegora (EAE) 2016. urtean, eta 219.456 gau pasatu zituzten. Turista alemanen sarrerak %26 igo ziren 2015ekoekin alderatuta, eta %44 azken sei urteetan. Gaualdiak, berriz, %30 eta %51 igo dira, hurrenez hurren.

Alfredo Retortillo Eusko Jaurlaritzako Turismo, Merkataritza eta Kontsumoko sailburuak Euskadiren standa inauguratu du asteazken honetan Berlingo ITB Turismo Azoka. Harkaitz Millan Basquetour Turismoaren Euskal Agentziaren zuzendari nagusia, Isabel Muela Merkataritza eta Turismoko sailburuordea eta Maider Etxebarria Turismoko zuzendaria ere ekitaldian izan dira.

Bilbo, Donostia eta Gasteiz hiriburuak, Arabako Errioxa eta Euskadiko gainerako "top turistikoak" Alemaniako merkatuan sustatzeko 160 metro koadroko stand bat da. Azokak turismo sektoreko mundu osoko profesional nagusiak elkartuko ditu asteazkenetik igandera bitartean.

Horrela, ekitaldian nabarmendu dutenez, Alemaniatik EAEra heldutako diren turistak %44 eta gaualdiak %51 igo dira azken sei urteetan, eta azken urtekoa igoera handiena denez (%26 eta %30, hurrenez hurren), Retortillok "Alemaniako turismoaren garrantzia" azpimarratu du, eta "nazioarteko ekitaldien bitartez eta gure herria Alemanian turismo helmuga gisa sustatuz" bultzatzen jarraituko dutela ziurtatu du.

Era berean, Retortillok "Euskadi Esperientzia" azpimarratu nahi izan du, Alemaniako turismoa erakartzeko ardatz moduan. Tourespaña erakundeak merkatu igorleei buruz egindako azterlan baten arabera, bidaia bat egin behar dutenean alemanen inspirazio iturri nagusia senitartekoen eta adiskideen iritzia izaten da. "Turismo esperientzien sistemaren bitartez sustatu behar da esperientzia, eta harrera, bizipen eta zerbitzu apartak eskaini behar dira, hona berriz etortzeko asmoa izan dezaten eta gure enbaxadorerik onenak bihur daitezen", azaldu du sailburuak.

Bestalde, Alemaniako turistek adiskideen edo senitartekoen bitartez jasotzen dute informazioa batez ere, eta, bigarrenez, katalogoen, liburuxken, prospektuen eta agentzien gomendioen bitartez. "Horregatik da hain garrantzitsua azoka honetan parte hartzea", gaineratu du.

BAVARIA ETA BERLIN

EAE bisitatzen duten Alemaniako turista gehienak Bavariatik (%21), Berlinetik (%19) eta Baden-Wüttembergetik (%16) heltzen dira. Alemaniako turisten %53k esaten du Euskadi dutela helmuga bakarra, eta batez besteko egonaldia 4,7 gau izaten da. Turista alemanen %38 bikotekidearekin heltzen da, %20 familiarekin eta %18 lagunekin edo adiskideekin.

Bestalde, Alemaniako turista batek guztira 360 euro gastatzen ditu EAEn, eta eguneko gastua 94 euro izaten da. Gastu motari dagokionez, %44 gosari, bazkari eta afarietan gastatzen du, %38 ostatu hartzen, %11 helmugako garraioan, %6 erosketak egiten eta %1 museoetako sarreretan.

Balorazioari dagokionez, %91k balorazio oso positiboa egiten du Euskadira egindako bisitaz, eta %90ek esaten du gomendatuko lukeela turismo helmuga gisa.