Alerta laranja aktibatu da EAEn olatu indartsuengatik

Actualizado: martes, 15 febrero 2011 19:30

BILBO, 15 Feb. (EUROPA PRESS) -

Eusko Jaurlaritzako Larrialdiei Aurre egiteko eta Meteorologiako Zuzendaritzak alerta laranja aktibatu du itsasaldeko arriskuagatik. Izan ere, bihartik aurrera, olatuek bost metro arteko altuera izan dezakete, eta mendebal/ipar-mendebaldeko hondoko itsasoak 4,5 metroko olatuak altxatuko ditu.

Era berean, haizeari dagokionean, Larrialdiei Aurre egiteko Zuzendaritzak abisu horia aktibatu du biharko. Datozen orduotan hego/hego-mendebaldeko haize-boladek haizeguneetan 100 km/orduko abiadura gainditzeko aukera handia izango dute, mendebaldean eta mendi inguruetan batez ere. Haizeguneak ez diren lekuetan haize-boladak 70-80 km/ordu ingurukoak izateko probabilitatea handia da.

Euskalmet Meteorologiaren Euskal Agentziaren iragarpenaren arabera, bihartik aurrera, depresio sakon bat kokatuko da Iberiar penintsularen ipar-mendebaldean eta horrek eragin handia egingo du euskal kostaldean. Depresio horrek olatu indartsuak sortuko ditu eta ostiralera arte izango da gure artean. Depresioarekin batera, hego/hego-mendebaldeko haize-bolada handiak izango dira, batez ere biharko lehen orduetan.

Gainera, itsasgorak aurreko egunetakoak baino nabarmenagoak izango dira, eta marea biziak izango ez diren arren, altuera nabarmenak izango dituzte itsasaldiek.

Egoera horrekin, Euskalmeten aurreikuspenen arabera, gaur, olatuen altuera adierazgarria 3,5-4 metro artekoa izango da, 3-3,5 metro inguruko hondoko itsasoarekin. Bihar, olatuen altuera adierazgarria lau metrotik hasita azkar igo liteke, bost metro ingurukoa izan arte; bost metroko altuera ere gainditu lezakete olatu altuenek, eta egoera horrela mantenduko da arratsalde-gau partera arte, orduan gutxitzen joango baita altuera hori.

Ipar-mendebaldeko hondoko itsasoak 4,5 metro inguruko olatuak altxatuko ditu egun guztian zehar, eta uneren batean altuera hori gainditu egin lezakete olatuek.

Ostegunean, litekeena da olatuen altuera adierazgarria 4,5-5 metro ingurukoa izatea arratsalde-gau partera arte; orduan lau metro ingurutako olatuak izango dira. Ipar-mendebaldeko hondoko itsasoak 4-4,5 metroko olatuak altxatzeko probabilitatea izango du egunean zehar, eta 3,5-4 metroko olatuak altxatzekoa arratsalde-gau partetik aurrera. Ostiraletik aurrera itsasoaren egoera nabarmen hobetzen hasiko da.