Alerta laranja aktibatuko da datozen bi egunetan, haizeagatik eta olatuengatik

Actualizado: viernes, 7 febrero 2014 15:04
cia" class="NormalTextoNoticia" itemprop="articleBody">

BILBO, 7 (EUROPA PRESS)

   Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak alerta laranja abiaraziko du ageriko tokietan haizeagatik, gaur iluntzeko 21:00etatik larunbat goizeko 9:00ak arte, eta itsas bazterreko arriskuengatik larunbat arratsaldeko 15:00etatik gaueko 00:00ak arte, olatu handiak iragarri baitituzte.

   Euskalmet Meteorologiaren Euskal Agentziak azaldu duenez, datozen egunetan depresioak eratuko dira Ozeano Atlantikoan eta haize bortitza, hegokoa batik bat, eta olatu handiak ekarriko dituzte gurera. Aitzitik, prezipitazio eskasak eta tenperaturak leunak izango dira; horregatik, ez da elurte handirik espero.

   Gaur, baliteke aurrekoa baino ahulagoa den depresio batek hegoaldeko haize bortitza ekartzea Euskadiko kostaldera. Hala, baliteke mendi inguruetan 120 km/h-tik gorakoa izatea, kostaldean 100 km/h-tik gorakoa eta agerian ez dauden zonaldeetan 80-90 km/h-tik gorakoa. Egunaren amaieran, baliteke haizeak mendebaldera egitea eta oso bortitza izatea, batez ere Bizkaiko kostaldean (100 km/h ingurukoa). Halaber, depresio horren eraginez, baliteke olatuen altuera bost metrora arte handitzea ostiral goizaldean eta goizeko lehen orduetan.

   Euskalmeten aurreikuspenen arabera, uharte britainiarretatik gertu dagoen beste depresio baten eraginez, beste haize eta olatu denborale bat iritsiko zaigu. Ondorioz, gaur eta bihar, hego-mendebaldeko haize bortitza izango da. Baliteke 120 km/h-tik gorakoa izatea ageriko zonaldeetan, batez ere mendebaldeko mendi inguruetan, eta 80 km/h-tik gorakoa agerikoak ez diren mendebaldeko zonetan. Hala ere, larunbat eguerditik aurrera indarra galduko du. Olatuei dagokienez, larunbatean eta igandean 7-8 metro artekoak izan daitezke, 19-20 segundoro.

   Dena den, kontuan izan behar da olatu handiek ez dutela itsasaldi biziekin bat egingo eta itsasoaren maila 3,5 metrotik beherakoa izango dela.