Alerta laranjak aktibatu dira asteartean haizearengatik eta asteazkenean olatuengatik

Actualizado: lunes, 3 febrero 2014 18:09
cia" class="NormalTextoNoticia" itemprop="articleBody">

BILBO, 3 Feb. (EUROPA PRESS) -

   Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak alerta laranja abiarazi du agerian diren tokietan haizearengatik asteartean, otsailaren 4an, 15:00etatik 00:00ak arte, eta itsasoko eta itsas bazterreko arriskuengatik asteazkenean, otsailaren 5ean, 12:00etatik 00:00ak arte, olatu handiak iragarri baitira.

   Euskalmet Meteorologiaren Euskal Agentziak adierazi duenez, Ozeano Atlantikoan eratu diren depresio berriek haize bortitza ekarriko dute gurera, hegoaldekoa batik bat, bai eta olatu handiak ere. Hego-haizearen eraginez, prezipitazioak ez dira apartekoak izango aste honetan, tenperatura epeldu egingo du eta ez da elurte aipagarririk izango.

   Euskalmeteko arduradunen iritziz, asteartean, bizkor sakonduko den depresio bat eratuko da Atlantikoan, eta horren ondorioz hego-haizea zakartu egingo da egunak aurrera egin ahala, eta arratsaldetik aurrera agerian diren toki batzuetan, lurraldearen mendebaldeko mendietan batik bat, ufadek aise har lezakete 120 kilometro orduko abiadura. Toki babestuetan, berriz, 80-90 kilometro ordukokoa izango da. Asteazkenetik aurrea indarra galduko du haizeak.

OLATUAK

   Halaber, Euskalmeten iragarpenaren arabera, depresio horrek berak oso olatu garaiak eragingo ditu, 6-7 metroko altuerakoak ere arratsaldean, eta asteazkenetik aurrera iritsiko dira.

   Oraingoan, baina, ez dira marea biziekin batera gertatuko: Bilboko portuan, adibidez, 20:52an izango da, eta itsasgorak 3,89 metro hartuko ditu. Ostegunean, otsailaren 6an, olatuak txikituz joango dira, baina asteburuan berriz indartu liteke itsasoa.

   Horrela ba, oraingoan hego-haize bortitza izango da aipagarriena, astearte arratsaldetik aurrera oso zakar astinduko duena eta asteazkenean zertxobait baretu ostean, ostegunean berriz indartu litekeena. Olatuak ere handiak izango dira asteazken arratsaldean.