Alex de la Iglesia "La chispa de la vida" pelikula berria filmatzen hasi da

Alex de la Iglesia trabaja en Cartagena
AYUNTAMIENTO DE CARTAGENA
Actualizado: lunes, 7 febrero 2011 18:41

BILBO, 7 Feb. (EUROPA PRESS) -

Alex de la Iglesia zinemagile bilbotarra "La chispa de la vida" izenburuko bere pelikula berria filmatzen hasi da gaur eta zazpi aste ariko da Madril eta Cartagenako inguruetan bere proiektu berria burutzen.

Salma Hayek eta Jose Mota protagonista direla, Santiago Segura, Juan Luis Galiardo, Blanca Portillo, Fernando Tejero, Carolina Bang eta Manuel Tallafe ere agertzen dira aktore-zerrendan. Alex de la Iglesiak berak egin du Randy Feldman-en jatorrizko gidoiaren moldaketa.

Mutua Madrileñaren Kristalezko Dorrea eta Cartagenako Romano Antzokia bezalako tokietan filmatuko du De la Iglesiak bere pelikula berria. "La chispa de la vida" Andres Vicente Gomezek eta Ximo Perezek ekoiztu dute.

Istorioari dagokionez, Roberto langabezian dagoen publizista bat da; ez du lanik aurkitzen agentzia guztiek ezetza ematen diotelako. Bere egoera ekonomikoa etsigarria da. Inork ez du aintzat hartzen bera izan zela Coca-Colaren "la chispa de la vida" goiburudun kanpaina sonatuaren sortzailea.

Egoera goitik behera aldatuko da auto istripu larri bat jasaten duenean; harrapatuta gelditu da eta osasun-langileak, suhiltzaileak eta osagileak ez dira ados jartzen erreskatatzeko moduaz. Ezbeharra hain da zentzugabea eta dramatikoa, hedabideen interesa pizten duela.

Protagonistak publizista bezala duen esperientzia aprobetxatzea erabakiko du egoeraz baliatzeko, ikuskizun mediatiko bihurtuz. Horretarako agente bat kontratatuko du. Asmoa telebistei esklusiba saltzea eta bere familiaren etorkizuna betirako konpontzea da.

Luisa, bere emaztea, istripuaren tokira heldu eta bere senarraren inguruan sorturiko ikuskizuna indargabe ikusiko du. Ideia bertan behera uzteko konbentzitzen saiatuko da, baina Robertok esklusiba lortzeko duen obsesioa gero eta handiagoa da. Hala ere, telebistekin dituen negoziazioak luzatu egingo dira, interesak agertuko dira eta erreskatea zaildu egingo da.