Alex Txikonek bukatutzat eman du Everestera igotzeko espedizioa, klimatologia zailaren ondorioz

Alex Txikon Everesten
ALEX TXIKON
Actualizado: miércoles, 8 marzo 2017 12:38

BILBO, 8 (EUROPA PRESS)

Alex Txikon alpinista bizkaitarra Everest mendira igotzeko espedizioa bukatutzat ematea erabaki du asteazken honetan, klimatologiaren baldintza zailen ondorioz. Lemoako mendizaleak abenduaren 25ean hasi zuen munduko gailurrik altuenera neguan eta oxigeno artifizialik gabe igotzeko espedizioa.

Horrela, espediziotik jakinarazi dutenez, "aurrera jarraitzea suizidioa" izango litzatekeela adierazi du Txikonek. Izan ere, azken orduetan 70 km/h-ko haize boladak eta neguko muturreko tenperaturak izan dituzte (zero azpitiko 40 gradu, zero azpitiko 50 graduko pertzepzioarekin).

Gainera, aurreikuspenen arabera, baldintza klimatologikoak are txarragoak izango dira, 115 km/h-ko haize boladekin, elur prezipitazioekin eta elur jausiak izateko arrisku argiarekin. "Espedizioaren arduradun bezala, ezin dut nire lagunen eta nire bizia arriskuan jarri", esan du Lemoako mendizaleak.

Alpinista bizkaitarra eta bere taldea C2 postuan zeuden astelehenetik, gailurretik 6.400 bat metrora, baina 8.000 bat metroan dagoen C4 gunera igotzeko aukera baztertzea eta hasierako kanpamentura itzultzea erabaki zuten.

"Niretzat zailagoa da hasierako kanpamentura jaisteko erabakia, C4ra igotzekoa baino. Aurten ezin izan da. Mendi honek errespetu asko ematen du neguan, eta ezin dugu gero kontatu ezin dezakegun erokeriarik egin. Everest ez da lekutik mugituko. Aukera gehiago egongo da, eta berriro itzuliko naiz modurik garbienean saiatzeko", azaldu du.

Alex Txikon Kathmandu Nepaleko hiriburura itzuliko da datozen egunetan eta, egun batzuk atseden hartzen igaro ondoren, datorren astean helduko da Loiuko aireportura.