AlhondigaBilbaok bihar zozkatuko ditu jarduera fisikoko udako ikastaroen matrikula egiteko eguna eta ordua

Actualizado: domingo, 15 mayo 2011 15:29

BILBO, 15 May. (EUROPA PRESS) -

AlhondigaBilbaoko Jarduera Fisikoko Zentroaren udako ikastaroetan matrikula egiteko eguna eta ordua esleitzeko zozketa egingo da bihar, Ura modalitateko 112 ikastaroetan eta Lurra modalitateko 88 ikastaroetan aurretiaz izena eman duten pertsonen artean. Zozketaren ondoren bete gabe geratzen diren plazak Jarduera Fisikoko Zentroaren harrera-lekuan esleituko dira, interesdunak heltzen diren ordena zorrotz errespetatuz.

Zentro bilbotarreko iturriek adierazi dutenez, Jarduera guztiak uztailaren 1etik irailaren 30era bitartean egingo dira (abuztuan ez da Ura modalitateko ikastarorik izango). Guztira, 5.732 plaza eskainiko dira bi modalitateetan: 1.932 plaza Lurra jardueretarako, eta 1.495 plaza Ura jardueretarako.

Onartutakoen zerrendak AlhondigaBilbaoren web-orrian eta Infopuntuan argitaratuko dira maiatzaren 17tik aurrera. Ondoren, ekainaren 6an hasiko da ikastaroetan izena emateko epea.

2010eko ekainean AlhondigaBilbaoko Jarduera Fisikorako Zentroa ireki zenetik, 66.000 ikaslek baino gehiagok parte hartu dute Lurra eta Ura modalitateetan programatutako ikastaroetan.

Uda honetarako antolatutako 200 ikastaroetan, besteak beste, Ura modalitateko jarduera hauek nabarmentzen dira: 'pool bike' (bizikletekin egiten da igerileku barruan), 'aqua fitness', ikasketa edo hobekuntza ikastaroak edo erditze aurreko igeriketa. Bestetik, ikastaro horiek guztiak uztailaren 1etik irailaren 30era bitartean izango dira (abuztuan ez da Ura modalitateko ikastarorik izango).

Lurra modalitatean, honakoak dira programatutako ikastaroetako batzuk: 'cardio box' (koreografia eta defentsa pertsonaleko ariketak uztartzen ditu), tai-ji, pilates, capoeira, aerobic, mantenimenduko gimnasia eta abar.

ENTRENAMENDU PERTSONALIZATUA

Programatutako ikastaro eta jarduerez gain, AlhondigaBilbaok entrenamendu pertsonalizatuko zerbitzu berria jarriko du Jarduera Fisikoko Zentroaren erabiltzaileen esku.

Interesdunek entrenatzaile pertsonal baten aholkularitza hitzartu ahal izango dute; izan ere, saio osoan izango da beraien ondoan eta aholkularitza eskainiko die lortu nahi duten errendimendua (proba fisikoak gainditzea, mantenimendua, pisua galtzea, errehabilitazioa, eta abar) erdiesteko egin beharreko ariketa, makina eta abarren gainean.

Erabiltzaileek banaka erabil dezakete zerbitzu hau, ordu bete (35 euro), bost ordu (159,50 euro) eta hamar ordu (297,50 euro). Era berean, aldi berean bi pertsonarentzat edo hiru pertsonarentzat ere erreserba daiteke.