Ali Tiefschwarz Guggenheim Bilbao Museoko Art After Dark saioko 2014ko azken protagonista izango da

Ali Tiefschwarz
GUGGENHEIM BILBAO MUSEOA
Actualizado: viernes, 21 noviembre 2014 17:19

BILBO, 21 Nov. (EUROPA PRESS) -

Guggenheim Bilbao Museoak Atrioan antolatzen duen Art After Dark saioen 2014ko azken hitzordua izango da abenduaren 12an, Ali Tiefschwarz protagonista dela, museoko iturriek prentsa ohar bidez jakinarazi dutenez.

Tiefschwarz taldeko kidea da Ali. Tiefschwarz taldea Alexander eta Sebastian Schwarz anaiek osatzen dute (Ali eta Basti ezizenez ezagunak dira). Techno eta deep house musikekiko zaletasuna eta grina sortu zitzaien beren sorterri Stuggarten (Alemania), 1990eko hamarkadaren hasieran; bertan DJ lanetan hasi zen Ali klub ezagunetan.

1997an hasi ziren Tiefschwarz izena erabiltzen (izenak "beltz ilun eta iraunkorra" esan nahi du). Ibilbide hori, eta haien estilo berezia, urte hauetan sendotu dute. DJ modura mundu erdian barrena ibili dira eta remixer gisa sekulako ospea lortu dute, talde askorentzat lan eginez, hala nola Depeche Mode, Madonna, Roxy Musicentzat. Orain, Tiefschwarz estudioetara itzuli da Philipp Maierren eskutik, eta Ali Guggenheim Bilbao Museoko Atrioan izango da abenduaren 12an.

Gauaren hasieran, 22:00etan, DJV Sound izango da. Bilboko underground eszena elektronikoaren aitzindaria da eta bi hamarkada daramatza "Bilboko enbaxadore izaten Europako klub ospetsuenetan". 1990eko hamarkadan NoData kolektiboa sortu zuen eta 2005etik Fever kluba zuzentzen du. Bere saioetan, "paisaia trinkoak eta dinamikoak marrazten ditu", bai ta "eszena aztoragarriak, hipnotikoak eta karga emozional handikoak ere".

Abenduaren 12ko gauean Guggenheim Bilbao Museora 22:00etatik 01:00era hurbiltzen direnek orain gutxi irekitako "Gure garaiko artea. Guggenheim Bildumen maisulanak" erakusketara eta oraintsu Film & Video aretoan -103. aretoan- jarritako Rineke Dijkstraren "The Krazyhouse (Megan, Simon, Nicky, Philip, Dee), Liverpool, UK" lanera gaueko bisitaldia egiteko aukera izango dute.

Sarrerak (18 urtetik gorakoentzat) 13 euro balio du publiko orokorrarentzat eta 9 euro Museoaren Lagunentzat. Ikusle kopuru mugatua eta sarrerak txarteldegian eta www.guggenheim-bibao.es.webgunean salgai daude.