Alsaziako ordezkaritza batek zahartze aktibo eta osasuntsuaren lan integralerako EAEko eredua ezagutuko du

Alsaziako ordezkariak EAEn
EUSKO JAURLARITZA
Actualizado: lunes, 19 marzo 2018 12:07

BILBO, 19 (EUROPA PRESS)

Alsaziako ordezkaritza batek bisita hasi du astelehen honetan Euskal Autonomia Erkidegora (EAE), zahartze aktibo eta osasuntsuaren lan integralerako eredua ezagutzeko. Christian Fischer Autonomia zuzendariak, Beatriz Lorrain Haut-Rhin Departamenduko Kasuaren Kudeaketa Unitateko buruak, Bruno Boutteau informazio sistemen kudeatzaileak eta Frédéric Tryniszewski Frantzia Ekialdeko Osasuneko Eskualde Agentziako doktoreak osatzen dute taldea.

Iñaki Berraondo Osasun sailburuordea eta Lide Amilibia Gizarte Politiketako sailburuordea izan dira Eusko Jaurlaritzaren ordezkariak astelehen honetan egindako harrera ekitaldian.

Zahartzearekin lotutako unibertsitateetako eta hainbat sektoretako ordezkariekin batera, Alsaziako ordezkaritzak EAE bisitatuko du asteazkenera arte, euskal osasun sistemaren funtzionamendua, politika soziosanitarioak eta zahartze aktiboaren lan integralaren politikak eta osasun eta gizarte alorretan garatu diren hainbat programa bertatik bertara ezagutzeko.

Besteak beste, Zahartze Aktiborako Euskal Estrategia, betiON teleasistentziarako zerbitzu publikoa, Euskadi Lagunkoia sarea edo adineko pertsonen autonomia galera eta mendekotasuna prebenitzea ezagutuko dituzte Alsaziako ordezkariek. Horrela, Alsazian ekintzak identifikatu eta neurriak ezartzeko aukera izango dute. Sistemaren ardatza adinekoentzako etxebizitzan zaintzak eskaintzeko lurralde antolakuntza izango da.

Alsaziako ordezkaritzak Osasun Sailaren eta Osakidetzaren eta Enplegu eta Gizarte Politiketako Sailaren estrategiak ezagutu nahi ditu, hala nola gobernantza eta aldaketaren kudeaketa, berrikuntza eta ikerkuntza, osasun sistemaren iraunkortasuna, arriskuaren estratifikazioa eta erabiltzailearen esku hartzea, IKT tresnen erabilera edo pazienteen ahalduntzea.

BISITAK ETA BILERAK

Horretarako, bisitak eta lan bilerak antolatu dira. EAEn egiten ari diren osasun politiken eta estrategien aurkezpena egin ondoren, Alsaziako ordezkaritzak Osakidetza bisitatuko du. Bertan, hainbat bilera hitzartu dira, euskal osasun sistemaren eredua azaltzeko eta biztanleria estratifikazioaren moduko programak ezagutarazteko.

Pazienteak ahalduntzeko proiektuak ere ezagutuko dituzte: Paziente Aktiboa, Euskadi Lagunkoia Sustraietatik eta Etxean Bizi. Halaber, Osakidetzaren arreta jarraiturako unitatea eta arreta integraturako estrategiak ezagutuko dituzte. BetiON teleasistentziaren zerbitzu publikoaren egoitza nagusira ere bertaratuko dira.

Azkenik, Kronikgune ezagutuko dute, osasun zerbitzuen eta zerbitzu soziosanitarioen, gaixotasun kronikoen antolaketaren eta kudeaketaren eta osasun zerbitzuen estrategia eta diseinuaren alorreko ikerketa zentroa.