"Amama", "Jai Alai Blues" eta "Gure Sorlekuaren Bila", Zinemaldia.Cat jaialdiko irabazleak

ZINEMALDIA
Actualizado: lunes, 22 febrero 2016 11:29

   BILBO, 22 (EUROPA PRESS)

   "Amama", "Jai Alai Blues" eta "Gure Sorlekuaren Bila" filmak izan dira Bartzelonako Euskal Etxeak antolatutako Zinemaldia.Cat jaialdiko Urrezko Txapelen irabazleak. Gainera, epaimahaiak aipamen berezi bat egin dio "Pikadero" filmari, antolatzaileek astelehen honetan jakinarazi dutenez.

   Igande gauan banatu ziren Zinemaldia.Cat jaialdiko sariak, eta Asier Altunak zuzenduriko "Amama" lanak Fikziozko Pelikularik Onenari Euskadi Basque Country-Urrezko Txapela saria irabazi du. Epaimahiak saria merezi zuela ondorioztatu du, "sinbolismo, poesia eta estetikaren bitartez, euskal arimaren barne hausnarketa bat lortzen duelako, bai tradizioa eta bai aurrerapena laudatuz".

   Halaber, Ben Sharrock zinemagilearen "Pikadero" filmak epaimahaiaren aipamen berezi bat jaso du, "krisi garaian dauden gazteen errealitateari eginiko gerturaketagatik, umore, komizitate eta xamurtasuna erakutsiz pertsonaiekiko, eszenaratze original batekin".

   Dokumentalei dagokienez Euskadi Basque Country-Urrezko Txapelaren irabazlea Gorka Bilbaoren "Jai Alai Blues" izan da. Filmak "euskaldunen eta estatubatuarren hurbileko historiaren hutsune bat betetzen du, gai ezezagun bat aukeratuz eta abileziaz nahasten duelarik espektakulua eta oreka, material zaharrak eta gaur egun egindako grabaketak", epaimahaiaren esanetan.

   Azkenik, "Gure Sorlekuaren Bila" lanak Euskarazko lanik Onenari Azkue Fundazioa-Urrezko Txapela lortu du, "euskal nortasunaren bilaketa islatzea lortzen duelako abentura zinetagrafiko zintzo, erraldoi eta umoretsu baten bitartez".

   Jaialdiko epaimahaikideak, Pere Vall (Fotogramas), Patrícia Bonet (Catalan Films), Agustí Argelich (Filmets), Miki Esparbé (aktorea) eta Melina Matthews (aktorea) izan dira. Urrezko Txapelak Zinemaldia.Cat jaialdiaren amaiera ekitaldian banatu ziren igandean, Bartzleonako Girona zinema aretoan.