Andres Isasi Bandako musikariek eta Aixerrota Institutuko ikasleek "Berbabanda" eskainiko dute Getxon

Foto: GETXOKO UDALA
Actualizado: jueves, 27 noviembre 2014 18:24
av2" class="NormalTextoNoticia" itemprop="articleBody">

BILBO, 27 (EUROPA PRESS)

   Andres Isasi Musika Eskolako Bandako 45 musikariek eta Aixerrota Institutuko 32 ikaslek "Berbabanda" ikuskizun berritzailea eskainiko dute Getxon (Bizkai), Euskararen Nazioarteko Egunean, abenduaren 3an, Getxoko Udalak antolatutako Euskal Kulturaren XVI. Jardunaldien barruan.

   Ikuskizunean, musika eskolako bandako 45 musikarien laguntzarekin eta Alfontso Vilaren zuzendaritzapean, 32 gazte getxotarrek udalerriko idazle batzuren testuak errezitatuko dituzte musikaren erritmora.  Ikuskizuna arratsaldeko 19:30ean hasiko da, Andres Isasi Musika Eskolan.

   "Banda 45 musikarik osatzen dute eta ikasleak Aixerrota Institutuko Batxilergoko 2. mailako musika ikasleak izango dira. Testuak, batez ere Laura Mintegi, Irati Elorrieta, Unai Elorriaga eta Iñaki Friera idazle getxoztarrenak izango dira, baina horiekin batera, Kirmen Uribe, Joseba Sarrionaindia, Ramon Saizarbitoria, Txillardegi, Xabier Mendiguren, Anttton Irusta eta Raymond Chandleren testuak ere entzun ahal izango dira", azaldu du aurkezpenean Josu Loroño Komunikazioko zinegotziak.

   Alfontso Vila Andres Isasi Musika Eskolako Bandako zuzendariak azaldu duenez, duela bi urte egindako "Bertsotrikiband" ikuskizunaren ondoren, literatura eta musika batzeko gogoa izan du beti, eta "banda osoarekin posiblea izan zitekeela pentsatu nuen eta lanean jarri ginen".

   "Ikasleek oso lan ona egiten dutela uste dut, eszenatokira igo eta testuak errezitatzean, soilik irakurtzea baino zailagoa delako. Letra eta musika, musika eta letra eta euskara batera eskainiko dituen ikuskizuna izango da", azaldu du.

   Ildo horretan, Beñat Matos eta Ane Arriaga Aixerrota Institutuko ikasleek azaldu dute Nahikari Ayo eta Itsaso Gonzalez irakasleek nola proposatu zieten ideia eta nola egin duten lan, hau da, abestiak eta testuak aukeratzea, entseguak eta egin beharreko guztia.

   "Zailena entonazioa, jendearen aurrean hitz egitea eta testuak aukeratutako abestietara egokitu behar izatea izan da. Oso ondo pasa dugu, oso giro ona egon delako, neurri handi batean bandaren zuzendariari esker", esan dute. Abestiak, Sorotan Beleren "Arratsalde honetan", Gatiburen "Bang, Bang, Txiki, Txikibang", "West Side Story", eta Ireland, Abba eta Queen taldeenak izango dira.

BESTE JARDUERA BATZUK

   Getxoko ikastetxe eta institutuek ere jarduerak egingo dituzte euskararen inguruan, eta horietako askok abenduaren 3a izango dute ardatz. Esate baterako, Andra Mari eta Azkorri ikastetxeek, Geroa ikastolak eta, Aixerrota, Fadura eta Romo institutuek hainbat jarduera izango dituzte, hala nola irratsaioak, kirol jarduerak, horma irudiak eta abar.

   Beste zentro batzuetan ospakizuna aste osokoa izan da edo izango da, hala nola Julio Caro Baroja institutuan eta Larrañazubi, Romo eta San Ignazio ikastetxeetan. Besteak beste, hitzaldiak, ipuin kontalariak, dantzak, txangoak eta abar izan edo izango dira.

   Halaber, Bizarra Lepoan, Topagunea, UK, Egizu eta Ukberri.net elkarteek kalejira bat eta udalerriko kultur, kirol, gizarte eta heziketako entitateen atxikimenduak jasotzen dituen bideo-muntaia baten proiekzioa antolatu dituzte, Euskararen Nazioarteko Eguna ospatzeko. Jarduera horiek euskararen erabilera urteko egun guztietan sustatzea bultzatzen duen "Euskarak 365 egun" ekimenaren barruan daude.

   Kalejira 19:00etan hasiko da Telletxe kalean eta San Nikolas plazara abiatuko da. Bertan, ordu erdi geroago "Euskarak 365 egun" izeneko bideo-muntaia proiektatuko da. Udalerriko hainbat elkartetako, heziketa zentrotako eta gizarte eekimenetako kideek euskararen alde esandakoak agertuko dira horretan.

   Azkenik, AEK, Jose Antonio Agirre eta udal euskaltegietako 100 bat ikaslek ere ospatuko dute Euskararen Eguna. Goizez, Algortako taberna batean elkartuko dira gosaltzeko eta aurretik prestatutako abestiak kantatzeko, eta arratsaldez "Euskarak 365 egun" ekimenean hartuko dute parte.