Anna Bonitatibusek Rossiniren aria eta abestien errezitaldi bat eskainiko du Bilboko Arriagan otsailaren 11n

Anna Bonitatibus
ARRIAGA ANTZOKIA/FRANK BONITATIBUS
Actualizado: viernes, 8 febrero 2013 14:42

BILBO, 8 Feb. (EUROPA PRESS) -

Bilboko Arriaga Antzokiaren programazio lirikoak aurrera jarraitzen du sasoi honetan, Anna Bonitatibus mezzosoprano italiarrak otsailaren 11n eskainiko duen errezitaldiarekin. Gioachino Rossiniren ariak eta abestiak entzun ahal izango dira "Un rendez-vous" kontzertuan, arratsaldeko 20:00etatik aurrera. Marco Marzocchi pianistarekin batera arituko da Bonitatibus, antzoki bilbotarrean eskainiko duen lehen saioan.

Arriagako iturriek jakinarazi dutenez, Anna Bonitatibusen errepertorioak operako 50 paper baino gehiago barne hartzen ditu. Aipatzekoak dira Mozart eta Rossiniren opera garrantzitsu eta ezagunenetan egin dituen interpretazioak, munduko antzoki eta kontzertu areto garrantzitsuenetan abestu baitu horri esker. Bikain interpretatzen ditu errepertorio barrokoko eta Napoliko opera bufoko nahiz Frantziako errepertorioko paperak ere.

Hainbat orkestra zuzendarirekin kolaboratu du, bestek beste, Riccardo Muti, Alberto Zedda, sir Charles Mackerras, Lorin Maazel edo William Christie-rekin. Jérôme Savary, Luca Ronconi, Darío Fo, Emilio Sagi edo Pier Luigi Pizzi bezalako zuzendarien esanetara aritu da eszena gainean.

Arriaga Antzokian eskainiko duen "Un rendez-vous" errezitaldian, Rossiniren aria eta abestiz osatutako programa bat eskainiko du, eta Marco Marzochik lagunduko dio pianoan.