Anne-Sofie von Otter mezzosopranoa eta Brooklyn Rider laukotea, ostegunean Arriagan

Anne-Sofie von Otter eta Brooklyn Rider taldea
ARRIAGA ANTZOKIA
Actualizado: lunes, 22 mayo 2017 13:57

   BILBO, 22 (EUROPA PRESS)

   Anne-Sofie von Otter mezzosopranoak eta Brooklyn Rider laukoteak indarrak batuko dituzte Bilboko Arriaga antzokian, "kontzertu eklektikoa eta indartsua eskaintzeko". Emanaldia ostegunean izango da, maiatzaren 25ean, eta arratsaldeko 20:00etan hasiko da, antzoki bilbotarreko arduradunek jakinarazi dutenez.

   Kritikaren iritziz, bere belaunaldiko mezzosoprano hoberenetakoa da Anne-Sofie von Otter. Bakarlari suediarra mundu osoko auditorium hoberenetan aritu da, lan asko argitaratu ditu eta oso sari garrantzitsuak jaso ditu, besteak beste, Ahozko Interpretazio Klasiko hoberenaren Grammy edo Diapason d'Or sariak. Gainera, moldakortasun eta izpiritu berritzaileari esker, lirikatik haratago dauden eremuetara ere hurbildu da, Elvis Costello edo Brad Mehldau moduko artistekin arituz.

   Orain, biolinak, biola eta biolontxeloa rock izar gazteen energiarekin jotzen dituzten lau musikari klasikok osaturtiko Brooklyn Rider hari laukotearekin elkartu da abeslari suediarra. Ganbera musikaren etorkizuna direla esan dute askok, "eta euren zuzeneko emanaldiak gertuago daude XXI. mendeko ensemble bizi eta sortzailetik ohiko ganbera laukotetik baino".

   "Johnny Gandelsman eta Colin Jacobsen biolinekin, Nicholas Cords biolarekin eta Michael Nicolas biolontxeloarekin, interpretaziorako duten indar eta intentsitate guztia Anne-Sofieren esanetara jarriko dute, Arriagara hurbilduko diren ikus-entzule guztiak euren magiaz betetzeko", adierazi dute.

   Anne-Sofie von Otterrek eta Brooklyn Rider taldeak "errepertorio eklektikoa" eskainiko dute, "oso soinu indartsuz", duela denbora gutxi elkarren artean egin duten "So many things" laneko kantak interpretatuz.