AP-8 eta AP-1eko erabiltzaile gipuzkoarrek 45 euroko gastu muga izango dute hilean 2018tik, Araban eta Bizkaian

Aintzane Oiarbide Batzar Nagusietan azalpenak ematen
GIPUZKOAKO ALDUNDIA
Actualizado: viernes, 24 noviembre 2017 13:40

DONOSTIA, 24 Nov. (EUROPA PRESS) -

Aintzane Oiarbide Gipuzkoako Aldundiko Bide Azpiegituretarako diputatuak AP-8 eta AP-1 autobideen erabiltzaile gipuzkoarrei aplikatuko zaien lurralde arteko gastu muga berriari buruzko xehetasunak aurkeztu ditu ostiral honetan Batzar Nagusietan, eta jakinarazi duenez, 2018ko urtarrilaren 1etik aurrera, Araban eta Bizkaia, AP-8 eta AP-1 autobideen erabiltzaile gipuzkoarrek 45 euroko gastu muga izango dute hilean. Gastu muga horren onuradun izateko Abiatu gailuaren erabiltzailea izan behar dela zehaztu du Oiarbidek.

"Neurri honek onura ekarriko die, bereziki, ia egunero AP-1 eta AP-8 erabiltzen dituzten 5.000 bat gipuzkoarrei. Herri txikia gara, eta garrantzitsua da herritarren arteko harremana indartzea. Neurri honi esker, desagertu egiten da gure lurraldeen arteko harremanerako oztopo ekonomiko bat", adierazi du.

Horrela, 45 euroko gastu muga ezarriko da, betiere bidaia erabiltzailearen jatorrizko lurralde historikoan hasi edo amaitzen bada. Modu honetan, 2018ko urtarrilaren 1etik aurrera, egunero Bilbora edo Gasteizera doan erabiltzaile gipuzkoar batek ordainduko duen gehieneko zenbatekoa 29,43 euro izango da Gipuzkoa barruan egindako bidaiengatik eta 45 euro, berriz, Bizkaiko eta Arabako tarteetan egindakoengatik.

"Gaur egun, lanera egunero Bilbora doan gipuzkoar batek 207 euro inguru ordaintzen ditu hilero, eta Gasteizera doazenek, berriz, 106 bat euro. Datorren urtetik aurrera, tarifa berriari esker, gehienez 75 euro ordainduko dituzte erabiltzaileek. Horrek, urtean, 1.591 euroko aurrezkia ekarriko dio egunero Bilbora joan behar duen gipuzkoarrari eta 372 eurokoa Gasteizera joaten denari", azaldu du.

BIDEGIK BERE GAIN

Oiarbidek zehaztu du Bidegik hartuko duela bere gain Abiatu gailuaren erabiltzaileei aplikatuko zaizkien deskontuen kostua. "Aurrezki hau, gaur egun Gipuzkoan egiten diren joan-etorrietan deskontuetan ematen diren 25 milioi eurotako diru laguntzari gehitu behar diogu", gaineratu du.

Gastu muga berriarekin, aldaketa bat ere adostu dute Gipuzkoako eta Bizkaiko aldundiek autobidera Eibarren eta Ermuan sartzen diren erabiltzaileentzat. "Gaur egun, herri bateko zein besteko pertsonek beste herriko ordainlekua erabiltzen dute AP-8ra sartzeko, eta ondoko lurraldeko ordainlekua erabiltzen ari direnez ez zaie deskonturik aplikatzen", azaldu du.

Bada, erabiltzaile horiek ez diskriminatzeko, lurralde arteko muga berriaren aplikaziorako, Gipuzkoakotzat joko da Ermuko lotunea, eta Bizkaikotzat, berriz, Eibarkoa.

Gaur egun, Abiatu gailuaren 81.000 erabiltzaileek Gipuzkoako autobideen 107 kilometroetan deskontuak jasotzen dituzte. Urtarrilaren 1etik aurrera, berriz, deskontu berria AP-8 eta AP-1 errepideek Bizkaian eta Araban dituzten 50,5 kilometroetan ere aplikatuko da.