Apel Les Fenosa katalanaren eskultura bat inauguratu dute Gernika-Lumoko Europako Herrien parkean

Eskulturaren inaugurazioak izan diren pertsonak
BIZKAIKO FORU ALDUNDIA
Actualizado: miércoles, 16 febrero 2011 18:02

BILBO, 16 Feb. (EUROPA PRESS) -

Apel Les Fenosa (Bartzelona 1899-Paris 1988) eskultoreak 1944-1945ean eginiko "Monument Aux Martyrs D'Oradour" eskultura inauguratu dute gaur Gernika-Lumon (Bizkaia), Europako Herrien parkean. Eskultorearen alargun eta jaraunsle unibertsala den Nicole Fenosak eman zuen dohaintzan eskultura, joan den urtean.

Jose Luis Bilbao Bizkiako ahaldun nagusiak, Josune Ariztondo Kulturako foru diputatuak, Jose Maria Gorroño Gernika-Lumoko alkateak, Benet Jané i Palau El Vendrell-ko alkate eta Fenosa Fundazioko presidenteordeak, Josep Miquel Garcia Fenosa Fundazioko zuzendariak eta Jordi Agras Estalella Kataluniako Generalitateko Kulturako lurralde zuzendariak hartu dute parte inaugurazioan, besteak beste.

Nicole Fenosaren gogoari jarraituta, "Monument Aux Martyrs D'Oradour" obra Gernika-Lumon kokatu behar zen behin betiko. Brontzezko lan bat da (347x110x75) eta artistak 1944-1945 urteetan sortu zuen. Gerraren basakeria agerian uztea zen lanaren helburua.

Monumentuak gogora ekarri nahi du Oradour-sur-Glane herrian (Limogesetik kilometro gutxira) Bigarren Mundu Gerran gertatutakoa. Izan ere, 1944ko ekainaren 10ean SS-en konpainia bat Oradour-sur-Glane-n sartu zen; gizon guztiak hil eta emakumeak eta umeak elizan sartu zituzten; gero elizari su eman zioten. Guztiak hil ziren.

Forces Françaises de I'Interieur delako taldeko soldaduek Apel Les Fenosa Kataluniako sortzaileari eskatu zioten monumentu bat egin zezala biktimen omenez. Parisko tailerrean egin zuen Fenosak bere monumentua eta, 1945. urtean, Surindependants aretoan jarri zen erakusgai.

Artelanak harrera ona izan zuen jendartean; hala ere, Limogeseko apezpikuak eragotzi zuen ikusgai jartzea. Hala ere, 1948an, Jean Cassou Arte Modernoaren Parisko Museoaren kontserbatzaileak lana sartu zuen museoaren bildumetan; Tokyoko Palais zabalgunean egon zen jarrita urte askoan. Azkenik, 1981ean, Limogesen jarri zuten artelana, behin-behinean.

"Monument Aux Martyrs D'Oradour" lana gerraren basakeria agerian uzteko egin zuen eskultoreak eta Gernika-Lumoko Herrien parke sinbolikoan -Euskal Herria Museoaren inguruetan- egongo da, Eduardo Chillidaren "Gure Aitaren Etxea" edo Henry Moore-n "Large Figure in a Shelter" lanekin batera.