Arabako Aldundiak 120.000 euro inbertitu ditu Duran 9.200 metroko azalera ingurumen aldetik berreskuratzeko

Actualizado: lunes, 16 julio 2018 13:58

GASTEIZ, 16 Jul. (EUROPA PRESS) -

Arabako Foru Aldundiak amaitu ditu ingurumenaren aldetik Duran kontrolik gabeko hondakindegi bat berreskuratzeko lanak. Guztira, 9.200 metro koadrotan kendu ditu pneumatikoak, egurrak, inausketa hondakinak, plastikoak, hormigoiak, asfaltoak eta obra hondakinak. Eremu horretan garbitze, ixte eta hidroereite lanak egiteko 120.000 euro inbertitu ditu foru erakundeak.

Josean Galera Ingurumen Saileko foru diputatua eta tokiko agintariak ingurua ikusten egon dira astelehen honetan, eta herritarrei gogorarazi diete natur ingurunean hondakinak kontrolik gabe uztea "osasunaren eta
ingurumenaren kontrako erasoa" dela". Horrela, Galerak esan du Araban badela hondakinak erosotasunez, eraginkortasunez eta garbi biltzeko zerbitzu sare zabala.

Guztira, Ingurumen Sailak 700.000 euro baino gehiago inbertitu ditu azken urteotan Durakoa bezalako esku hartzeetan. Horrela, adibidez, Samaniegon (19.540 metro koadro), Lantziegon (19.917 metro koadro), Eltziegon (34.940 metro koadro), Lagranen (5.398 metro koadro) edota Toberan (1.936 metro koadro) esku hartu izan zuen 2017an, kontrolik gabeko "obra hondakindegiak" ezabatzeko.

Berreskuratutako eremuetan, hondakinak kentzeaz eta eremuak ixteaz gain, hidroereite lanak ere egin dira, eta, leku batzuetan, zuhaitz autoktonoak landatu. Hala, bada, 7.000 zuhaitz landatu dira Lantziegon eta Eltziegon, eta beste 3.600 inguru Samaniegon. Era berean, herritarrak ohartarazteko lanak ere egin dira, eremu horietan hondakinak bota ez daitezen, eta, hala, horma garaiak edo sakanguneak eraiki dira autoz bertara ezin iristeko.

Hala, egoera honetan, Galerak, Blanca Antepara Arratzua-Ubarrundiako alkateak eta Iñaki Saez de Ibarra Duranako administrazio bilkurako presidenteak Durako landa garbigune berria inauguratu dute. Ekipamendu horretan, hainbat hondakin jaso ahal izango dira, besteak beste, obra txikietakoak, bolumen handikoak edo inausketa eta lorezaintzakoak.

Zerbitzu berri hori eraikitzeko inbertsioa 45.000 eurokoa izan da, eta, Durako Udala Arabako Aldundiarekin batera jardun da elkarlanean, haren mantentze lanak eta ustiaketa eginez. Guztira, Araban, 110 landa garbigune daude, eta lurraldeko landa herriguneei ematen diete zerbitzu.