Arabako Aldundiak 600.000 euro inbertituko ditu errepide sareko segurtasuna hobetzeko

Actualizado: martes, 17 octubre 2017 17:28

GASTEIZ, 17 Oct. (EUROPA PRESS) -

Arabako Foru Aldundiaren Bide Azpiegituren eta Mugikortasunaren Sailak 600.000 euro baino gehiago inbertituko ditu datozen zazpi hilabeteetan errepideen foru sarearen segurtasuna hobetzeko. Horretarako, seinaleak eta babes elementuen instalazioak sendotu eta beste neurri gehigarri batzuk ezarriko ditu. Lanak hiri zeharbideetan eta istripu gehien izaten diren tarteetan egingo dira batez ere.

Ramiro Gonzalez ahaldun nagusiak jakinarazi duenez, Foru Gobernu Kontseiluak prebentzio eta arintze neurrien kontratua esleitu du, eta kontratu hori izango da 603.142 euroko lanak egiteko oinarria. Lanak zazpi hilabeteko epean gauzatu beharko dira. Udalek, administrazio batzarrek eta herritarrek egindako proposamenetan eta foru erakundeko bide segurtasuneko teknikarien txostenetan du abiapuntua kontratuaren programazioak.

Gonzalezek nabarmendu du Arabako errepide sareak arrisku eta heriotza tasa txikiak dituela eta azken urteetan gutxitzeko joera izan dutela. Bide Azpiegituren eta Mugikortasunaren Saila lanean ari da oraindik ere errepide horien kalitatea eta segurtasuna hobetzearren Arabako Errepideen Plan Integralean (AEPI) jasotzen diren proiektu orokorren bidez eta kostu ekonomiko txikiagoko beste neurri batzuen bidez.

Astearte honetan esleitu den kontratuak, 2017. eta 2018. urteetarako aurreikusitako neurri prebentibo eta aringarriak finantzatuko ditu. Udalek, administrazio batzarrek eta herritarrek egindako proposamenak, Arabako Foru Aldundiko bide segurtasuneko teknikariek egindako txostenak eta aurreko hilabeteetan istripu hilgarriak gertatu ziren bide zatiak nola hobetu daitezkeen aztertzeko egindako lanen ondorioak dira abiapuntua.