Arabako Aldundiak Asiako 6.200 liztor erregina baino gehiago harrapatu ditu martxotik maiatzera

Asiako liztorraren habia bat
DONOSTIAKO UDALA
Actualizado: lunes, 3 julio 2017 12:14

GASTEIZ, 3 (EUROPA PRESS)

Arabako Foru Aldundiak eta la Caixa Gizarte Ekintzak Vespa Velutina edo Asiako liztorra harrapatzeko kanpainaren emaitzak aurkeztu dituzte astelehen honetan. Kanpaina martxoan, apirilean eta maiatzean egin da eta 6.227 liztor erregina harrapatzea ahalbidetu du. Listor horiek dira aurten habiak egingo zituztenak.

"Arrakastatsua izan da liztor erreginak tranpa bidez harrapatzeko kanpaina, eta uste baino ale gehiago harrapatu ditugu", Josean Galera Ingurumen Saileko foru diputatuak nabarmendu duenez. Dena den, gogoratu du oraindik bigarren tranpa fase bat badela. Liztor erreginak ez ezik, liztor langileak ere harrapatzea helburu izango du bigarren faseak, eta irailetik aurrera egingo da.

Azterlana meteorologia, geografia eta fenologia txostenen faltan bada ere, eta kanpaina uda bukatu eta gero amaituko bada ere, "lehen faseko emaitzak pentsarazten digute lortu dugula espezie inbaditzaile horren habiak gutxitzea", Galerak adierazi duenez.

la Caixa Gizarte Ekintzarekin izenpetutako hitzarmenaren aurkezpenean egin ditu adierazpenak Galerak. Hitzarmen horri esker finantzatu ahal izan da Vespa Velutinaren aurkako kanpaina hori. "Hitzarmena berritzearekin gure asmoa da ikerketa, ingurumena eta gizakiaren osasuna sendotzea", Angel Garabieta CaixaBanken Arabako Negozio Arloaren zuzendariak esan duenez.

2006TIK

Halaber, gogoratu du hitzarmena 2006az geroztik berritu dela, eta harrezkero, la Caixaren Gizarte Ekintzak 2.750.000 euroko ekarpena egin duela. "Gizakiaren osasuna hobetzeko arlo guztiek elkarlanean jardun behar dute: gizarteak, ekonomiak, politikak eta ingurumenak. Ikerketa proiektuak eta Asiako liztorra dela-eta Araban garatzen ari garen jarduera espezifikoak horren adibide onak dira", gaineratu du.

Vespa Velutina espezie inbaditzailea da, eta mehatxu larria da bertoko erleentzat eta beste intsektu polinizatzaile batzuentzat. 2012an Arabara heldu zenetik, hazkunde esponentziala izan du urtez urte. Horren lekuko, iaz, Arabako Foru Aldundiak 355 habia kendu behar izan zituen; aurreko urtean 170 baino ez ziren izan, eta 2014an, 24 baino ez.

Tranpak Araban guztian zehar sakabanatu dira, baina iaz, non antzeman
habia gehien, han gehiago jarri dira. "Tranpa horiek liztor erreginak lozorrotik atera berritan jarri ditugu, orduantxe eraiki behar baitituzte haiek lehen oinarrizko habia eta elikatu eta hazi lehen liztor langileak", Amaia Barredo Ingurumen zuzendari eta Vespa Velutinaren Kontrol Mahaiaren presidenteak azaldu duenez.

Vespa Velutinaren Kontrol Mahaian parte hartzen dute Arabako Aldundiak (Ingurumena, Nekazaritza, Suhiltzaileak, Lurralde Oreka eta Foru Administrazioa), Arabako Foru Suhiltzaileak eta Gasteizko Udalak. "Espero dugu optimistak izaten jarraitzea esperientzia pilotu honen gainean kanpaina bukatzean, gure xedea baita espezie inbaditzaile horrek Araban duen eragina minimizatzea, hala erlezaintzan nola biodibertsitatean", Galerak adierazi duenez.