Frankismoaren Biktimen Arretarako Bulegoa ireki dute Gasteizen

Frankismoaren Biktimen Arretarako Bulegoa
ARABAKO ALDUNDIA
Actualizado: jueves, 1 junio 2017 14:25

GASTEIZ, 1 (EUROPA PRESS)

Arabako Foru Aldundiak frankismoaren errepresioa jasan zuten pertsonen eta euren senideen lekukotasunak bilduko dituen bulego bat ireki du ostegun honetan, ekainaren 1ean. Frankismoaren Biktimen Arretarako Bulegoa Gasteizen dago, foru erakundeak Probintzia plazako 5 zenbakian dituen lokaletan, eta abuztuaren 31ra arte egongo da irekita. Bulegoa martxan jartzea eta txostena egitea EH Bildurekin lortutako aurrekontu akordioaren ondoriozko ekimen bat da.

Arabako Aldundiaren asmoa da lekukotasunak lagungarri izatea errepresio frankistari buruzko txosten bat eta Araban frankismoaren biktima izan zirenen izendun zerrenda bat egiteko. Ahalik eta biktima gehienengana iristeko asmoz, bulegoa ibiltaria izango da, eta Gasteizen itxi ondoren kuadrillen egoitzetan zabalduko ditu ateak.

Horrela, Lautadako kuadrillan irailaren 4tik 8ra egongo da; Añanakoan, irailaren 11tik 15era; Gorbeialdekoan, irailaren 18tik 22ra; Arabako Mendialdekoan, irailaren 25etik 29ra; Aiarakoan, urriaren 2tik 6ra, eta Arabako Errioxakoan, urriaren 9tik 13ra.

Arabako Aldundiak Euskal Herriko Unibertsitateko (EHU) ikertzaile talde bat egin du lana egiteko arduradun, Historia Garaikidearen Departamentua zuzentzen duen Mikel Aizpururen zuzendaritza pean. Frankismoaren biktimen lekukotasunak biltzeaz gain, ikertzaile taldea arduratuko da pertsona horiek eman dezaketen dokumentazioa jasotzeaz eta gai horren inguruan informazio aipagarria daukaten agiritegiak kontsultatuta osatzeaz.

Azken proiektua Araban diktaduraren garaian errepresaliatutako
pertsonen izendun datu base bat eta txosten bat egitea izango da. Aurreikusita dago proiektu hori 2018aren hasiera aldera bukatzea.