Arabako Aldundiak Kulturartekotasunaren Foru Kontseilua indarberrituko du

Arabako Kulturartekotasunaren Foru Kontseilua bildu da
ARABAKO ALDUNDIA
Actualizado: miércoles, 14 junio 2017 18:20

GASTEIZ, 14 (EUROPA PRESS)

Arabako Foru Aldundiak Bizikidetza eta Kulturartekotasunaren Foru Kontseilua indarberritzeko oinarriak ezarri ditu asteazken honetan, kulturarteko bizikidetzarako eta xenofobia desagerrarazteko lan egiten duten gizarte eragileekiko elkarrizketa eta lankidetzarako eremua berreskuratzeko asmoz.

Ramiro Gonzalez Arabako diputatu nagusia mahaiburu izan dela, arratsalde honetan agintaldiko lehen bilera egin du kontseilu horrek. Azken bilera 2012. urtean izan zen.

Bere hitzaldian, Gonzalezek adierazi du bere nahia dela jardunaldiak "elkarrizketa eta lankidetza biziberritzeko balio izatea, Araba integratzailea, heldua eta unean uneko gizarte aldaketekin batera hazten dena sendotu nahi duten antolakunde eta pertsonen artean".

"Bizikidetza eta Kulturartekotasunaren Foru Kontseilua indarberritzea eta bizi garen garai honetarako egokitzea beste pauso bat da aurrera egin ahal izateko nahi dugun kulturarteko gizartea eraikitzeko bidean", adierazi du.

Lurralde historikoko 20 bat elkarte bildu dira topaketan, eta Arabako Foru Aldundiak arlo honetan martxan dituen lan ildoak jakinarazi zaizkie, hala nola bizikidetzarako eta zurrumurru xenofoboak ezabatzeko Zurrumurruen kontrako Estrategiaren garapena, bai eta diru laguntzen
deialdien egoera ere.

Era berean, elkarteei adierazi zaie Arabako Foru Aldundiak kontseiluaren izaera, xedea, helburuak eta osaera aldatzeko asmoa duela, organo formala soilik ez izateko eta foru erakundearen eta gizarte eragileen arteko lan bilgune izan dadin, "partaidetzazkoa, aholku emailea eta eginkizun eta lan zehatzak egiteko ardura duena". Orain, elkarteek hilabete izango dute ekarpenak egiteko.

Bere hitzaldian, Gonzalezek gogoratu du Araban bizi diren hamar pertsonatik bat beste herrialke batetik etorria dela, eta kopuru horrek erakusten duela "Araba multikulturala eta askotarikoa" dela. Horren ondoren, adierazi du 2015-2019 Legealdiko Plan Estrategikoak jasotzen duela foru gobernuaren arlo honetako errepide mapa eta, besteak beste, helburu bat ezarri duela, alegia, "Arabako gizarteak bidea egitea kulturarteko bizikidetzarantz eta lurraldean bizi diren pertsona guztien kohesio eta gizarte integrazio handiagorantz, beraien jatorria eta nazionalitatea gorabehera".