Arabako Aldundiak prestakuntzako 116 ikastaro antolatuko ditu langabe eta landunentzat

Actualizado: martes, 20 junio 2017 12:18

GASTEIZ, 20 (EUROPA PRESS)

Arabako Aldundiko Enplegu, Merkataritza eta Turismo Sustapenaren eta Foru Administrazioaren Sailak 116 ikastaro antolatuko ditu aurten, landunen eta, batez ere, langabeen prestakuntza profesionala hobetzeko helburuarekin. Ikastaroek 1.250 plaza eskainiko dituzte, matrikula doakoa izango da gehienentzat eta Gasteizko zein beste udalerri batzuetako prestakuntza zentroen bidez bideratuko dira.

Foru gobernuaren kontseiluak astearte honetan onartu du 530.000 euro bideratzea prestakuntza zentroei eta elkarteei, lanerako gaikuntza ikastaroak eskaini ditzaten. Programan 79 ikastaro finantzatuko dira, eta enpresek eskatzen dituzten lanbide arloetako 875 plaza eskainiko dira. Laguntza ematerakoan, lehentasuna emango zaie ikastaroek betekizun hori betetzen dutela idatziz ziurtatzen duten zentroei.

Halaber, deialdiaren oinarriek ahalbidetzen dute ikastaroen gaiak Arabako ekoizpen sektorearekin lotuta egotea eta, beraz, industria sektoreari eta enplegu hobi berriei loturiko prestakuntza sustatzen dute. Prestakuntza edukietako batzuk dira "Industriari aplikatutako robotika", "3Dko inprimaketa, molde industrialetara bideratua", "Haize energiaren oinarri teknikoak" eta "Automaten programazioa".

Arabako Foru Aldundiak ahalegina egin du prestakuntza eskaintza
Gasteiztik kanpora ere eramateko eta, beraz, 79 ikastarotatik 17 -ia 200 plaza-, beste herri batzuetan emango dira, hala nola Laudion, Agurainen, Amurrion, Iruña Okan, Ozetan, Zuian eta Oionen. Matrikulen %60 langabeentzat da, gutxienez, kolektibo horri lehentasuna ematea baita asmoa.

Horrez gain, deialdiak 26 jardunaldi profesional ere finantzatuko ditu, elkarte, elkargo ofizial eta sektore federazioek askotariko gaiei buruz antolatuak.

Prestakuntza eskaintza osatzeko, duela aste gutxi batzuk beste deialdi bat onartu zen. Programa horrek 150.000 euroko hornidura dauka, aurrekontu akordioari esker lortua, eta zuzenean finantzatzen ditu Aiara, Gorbeialde, Arabako Lautada, Arabako Mendialde, Añana eta Arabako Errioxako kuadrillak 37 ikastaro -400 plaza-. Lehentasuna laneratzeko zailtasun bereziak dituzten kolektiboak dituzte.

Horrela, Enplegu, Merkataritza eta Turismo Sustapenaren eta Foru Administrazioaren Sailak bi deialdien ebazpena aurreratu du, prestakuntza zentroek aukera izan dezaten ikastaroak abuztua baino lehen ere programatzeko, eta ez udazkenean soilik.