Arabako Foru Aldundiak 688.000 euro emango ditu Zaballako kartzelatik irtendako presoak gizarteratzeko

Actualizado: martes, 22 agosto 2017 13:00

DONOSTIA, 22  (EUROPA PRESS)

Gizarte Ongizaterako Foru Erakundearen Administrazio Kontseiluak, Arabako Foru Aldundiaren mendeko erakunde autonomoak, onartu du 688.000 eurorekin Zaballako kartzelatik irtendako presoak gizarteratzeko ekimenak burutzea.

Honela, erakunde honek Arabako Hiesaren kontrako Batzordearekin eta Presoen Laguntzarako Elkartearekin (Adap) dituen lankidetza hitzarmenak luzatu ditu, zeinen xedea baita Zaballako espetxetik irtendako bigarren eta hirugarren graduko presoei eta baldintzapeko askatasunean dauden pertsonei laguntzeko hiru etxebizitza jardunean izatea. Baliabide horietan iaz guztira 177 pertsonak hartu zuten ostatu, eta GOFEk bere gain hartzen du horien finantzaketa osoa.

Gizartean baztertuta dauden pertsonei arreta emateko gizarte zerbitzuak antolatu, kudeatu, eman eta gauzatzeko eskumenak ditu Arabako Foru Aldundiko Gizarte Zerbitzuen Sailak, eta eskumen horien barruan daude aipatutako baliabideak. Foru aldundiak arlo horretan dituen helburuetako bat da pertsona horien bizi kalitatea hobetzen saiatzea, guztiz gizarteratu daitezen eta komunitate bizitzan parte hartu dezaten laguntzeko.

Arabako espetxeko presoei laguntzeko Arkaiate etxebizitza Hiesaren kontrako Batzordeak kudeatzen du eta 25 toki ditu, eta bertan, bigarren graduko baimena dutenak hartzen dira, eta erregimen irekiko irteerak eta hirugarren graduko baimenak ere ahalbidetzen ditu.

Beste harrera etxebizitza, hura ere Hiesaren kontrako Batzordeak kudeatua, baldintzapeko askatasunean dauden gizonak gizarteratzeko da. Sei toki ditu eta harrera eta gizarte laguntza eskaintzen ditu, pertsona horiek komunitate bizitzan era normalizatuan eta apurka-apurka integratu daitezen.

BESTE HITZARMEN BAT

GOFEk beste hitzarmen bat ere luzatu du, hain zuzen Presoen Laguntzarako Elkartearekin (Adap) duena, zeinaren helburua baita Zaballako espetxeko emakumezko presoei laguntzeko etxebizitza kudeatzea. Zortzi toki ditu, eta ahalbidetzen du preso horiek bertan hartzea, dituzten baimenez gozatu dezaten, bai eta prestakuntza eta lan jardueretara joan daitezen ere.

Bestalde, Gizarte Ongizaterako Foru Erakundearen (GOFE) Administrazio Kontseiluak Arabako Hiesaren kontrako Batzordearekin duen lankidetza hitzarmena ere luzatu du, Araban prostituzioan diharduten pertsonei arreta osoa emateko programa bat gauzatzeko.