Arabako Foru Aldundiak 874.000 eurotan esleitu du Urizaharreko zeharbidea birmoldatzeko obra

Actualizado: martes, 12 abril 2011 18:33

GASTEIZ, 12 Abr. (EUROPA PRESS) -

Arabako Foru Aldundiak Balgorza enpresari esleitu dizkio Urizaharreko zeharbidea birmoldatzeko obrak, 874.000 eurotan. Eskaintzan hitzartutakoaren arabera, obra gauzatzeko epea sei hilabetekoa izango da, eta beraz, zeharbide berria udazkenerako prest egon daiteke.

Berritzearen ondorioz, zeharbidea zortzi metro zabal izango da. Horrez gain, espaloiak izango ditu eta Moraza gainaren eta Urizaharraren arteko tarte berriari jarraipena emango dio.

Honakoak ere egingo dira obra horietan: argiteria publikoaren berrikuntza, telekomunikazioko eta elektrizitateko aireko sareen lurpeko kanalizazioak, ur hornikuntzaren eta hondakin uren azaleko drainadura eta sare berriak.

Proiektua Arabako Foru Aldundiaren Herri Lan eta Garraio Sailaren, Toki Administrazioaren Sailaren eta Urizaharreko Administrazio Batzarraren artean sinatutako hitzarmenari esker finantzatu da. Foru erakundeak aurrekontuaren %80 baino gehiago hartu du bere gain.