Arabako Herri Inauterien erregistroa eta katalogazioa egin dute Jaurlaritzak eta EHUk

Actualizado: miércoles, 10 junio 2015 14:21

GASTEIZ, 10 (EUROPA PRESS)

   Eusko Jaurlaritzako Kultura Ondarearen Zuzendaritzak eta Euskal Herriko Unibertsitate (EHU) Kultur Paisaia eta Ondarearen Unesco Katedrak, Arabako herri inauterien erregistro eta katalogazioa egin dute. Lanak kultura adierazpen bizi bat jasotzen du, "bizirik eusten dion komunitatearen iturritik zuzenean", eta bide berria ireki du kultura ondarearen ikerketan, administrazioek orain arte oso gutxi aztertu dutena eta berritzailea: ondare ez materialaren ikerketa.

   Lanaren arduradunen esanetan, azken urteetan, nazioarteko erakunde ofizialen lana eta, bereziki, Unescoren Ondare ez materiala babesteko konbentzioa (2003), "gidari eta akuilu" izan dira ondare ez materialaren inguruko politikei eta esku hartzeei bultzada emateko.

   Aurrekari horiekin, Eusko Jaurlaritzako Kultura Ondarearen Zuzendaritzak ondare ez materialera hurbilketa egitea planteatu zuen, esperientzia pilotu gisa balio izango zuena, helburu bikoitzarekin: batetik helburu metodologikoa, eta bestetik, ikertzen ari zen gaiaren edukiarekin estuki lotutakoa.

   Lehenari dagokionez, ondare ez materialaren inguruko gaietan jardunbide bat ezartzea zen helburua, fitxa eredu bat garatuta. Fitxa honek euskal ondare ez materialaren hurbilketarako eta katalogaziorako balio izan behar du, zabalkundeari ekin aurretiko urrats gisa. Bigarren helburuari dagokionez, datu base bat gauzatzea zen asmoa, eduki guztia kudeaketarako modu erabilgarrian batuko duena.

   Beraz, Unescok "Ohitura sozialak, errituak, eta festak" izeneko eremuan jasotzen dituen adierazpen kulturalen bat katalogatzea proposatu zen, eta Arabako herri inauterien alde egin zen, elkarteetan ongi egituratuta dagoen kultura aberastasuna baitira, eta, aldi berean, adierazpenetan eta berezitasunetan ugaria.

   Katalogoak, herri inauteriekin lotutako itemak jasotzeko erreminta izan nahi du, festa horren ezaugarri nagusi eta elementu identifikatzaileekin. Horrela, kultura adierazpen honen zabalkundea eta sustapena ahalbidetzen da, eta gainera, ondoren etor daitezkeen kultur ondare ez materialaren inguruko ikerketentzat esperientzia pilotua izango da.

HERRI INAUTRERIA

   Lehen ikerketa honek, izenean bertan ikusten den moduan, Arabako herri inauterietan du ardatza, eta horietan guztietan garrantzia berezia hartzen dute honako udalerri hauetan egiten direnek: Zalduondo, Asparrena (Ilarduia, Andoin eta Egino), Kuartango, Kanpezu eta Salcedo.

   Ikerlanean 126 inauteri atzeman eta dokumentatu dira Araban. Katalogazio mota honen berezko ezaugarria da, kultura adierazpen biziak izaki, ondare horri bizirik eusten dion komunitatearengandik egin dela zuzen-zuzenean datu bilketa, hala nola herrietan, bertako biztanleengandik eta elkarteengandik.

   Festa hauen inguruko berezitasun, erritual, prozesu edo ondasun materialei buruzko informazioarekin fitxak osatu dira, eta multzoaren analisira lehen hurbilketa egin da, inauteri batzuen eta besteen arteko berdintasun eta desberdintasunak jasotzen dituen kartografia barne.

   Ondare ez-material baten gainean egin den erregistro eta katalogazioko lehen esperientzia honen ondotik, hartutako eskarmentuaz eta aplikatu den metodologiaz baliaturik, Eusko Jaurlaritzako Kultura Ondarearen Zuzendaritzak hurrengo egingo duen lana zehaztua dauka: dantza tradizionalen erregistroa eta katalogazioa.

   Horrela, katalogazio lan hau ezagutarazteko eta gizarteratzeko jardunaldia antolatu da EHUren Arabako campusean ostegun honetan, ekainaren 11n, goizeko 11:00etatik 12:30era. Joxean Muñoz Eusko Jaurlaritzako Kultura, Gazteria eta Kirol sailburuordea, Javier Garaizar EHUko Arabako errektoreordea, Agustin Azkarate Unescoren Kultur Paisaia eta Ondarearen Katedrako zuzendariak izango dira ekitaldian.

   EHUko ikertzaile Izarne Elgezabalek katalogazio lana aurkeztuko du, eta ondoren mahai ingurua izango da, Arabako herri inauterien biziberritze esperientzien inguruan, hainbat herritako elkarteak parte hartzaile direla.