Arabako hiri hondakinen plan berria osatzeko parte hartze prozesua abian da

Arabako hondakinen plan berria osatzeko parte hartze prozesua abian
ARABAKO FORU ALDUNDIA
Actualizado: lunes, 6 marzo 2017 14:08

GASTEIZ, 6 (EUROPA PRESS)

Arabako Foru Aldundiak hasi du Arabako Hiri Hondakinen Prebentziorako eta Kudeaketarako Plana izango dena osatzeko parte hartze prozesua. Plan horrek zedarrituko du foru erakundearen ekintza plana 2030. urtera arte, eta lehenengo aldia da kudeaketa plan bat egiteko prozesuan hain fase goiztiarrean aukera ematen dena parte hartze politiko eta sozialerako.

Josean Galera Arabako Aldundiaren Ingurumen eta Hirigintzako diputatuak azaldu du parte hartze prozesua "gardentasunerako eta adostasuna lortzeko keinu bat" izan dela, "hasieratik amaierara arte adostutako plana lortzeko" konpromisoaren baitan. "Politikako eta gizarteko eragile guztiek ekarpenak egitea nahi dugu, datozen 13 urteotarako ezarri ditugun asmo handiko helburuak gauzatzeko", gaineratu du.

Arabako Foru Aldundiaren Ingurumen eta Hirigintza Sailak lurralde historikoko 190 eragile politiko eta sozial gonbidatu ditu parte hartze prozesura aritzeko. Ekarpenak egiteko bide bat baino gehiago egongo da, hala nola lantegiak, elkarrizketak, galdetegiak edo saio monografikoak, zeinetan hainbat gai sakon aztertuko diren, besteak beste bio-hondakinak, berrerabilpena eta sentsibilizazioa.

Prozesua astelehen honetan bertan hasi da, Araban ordezkaritza duten talde politiko guztien parte hartzearekin. Arratsaldean jarraituko du, eta orduan lurraldeko talde ekologistek egindako ekarpenak bildu eta bateratuko dira (Ekologistak Martxan, Gaden, Gaia elkartea, Gasteiz Zero Zabor, Ama-Lur Ekialdea, Arabako Natur Institutua, Hontza eta Eguzki).

"Hondakinen kudeaketan tartean diren eta haren eraginpean dauden talde guztien iritzia jaso nahi dugu plana idatzi aurreko fasean. Horregatik, legeak eskatzen diguna baino parte hartze prozesu zabalagoa ireki dugu", esan du Galerak.