Arabako industriak %8,7 egin du gora urteko lehen hiruhilekoan, esportazioek izandako bilakaera positiboaren ondorioz

Actualizado: miércoles, 18 mayo 2011 19:27

GASTEIZ, 18 May. (EUROPA PRESS) -

Arabako industria-ekoizpenaren indizea %8,7 igo da 2011. urteko lehenengo hiruhilekoan, esportazioek izandako bilakaera positiboaren ondorioz, Arabako Foru Aldundiak jakinarazi duen apirileko Egoera Ekonomikoari buruzko Txostenaren arabera.

Horrela, foru erakundetik adierazi dutenez, Arabako ekonomiako esportazio merkatuak finkatu egin dira, bereziki Frantziakoak eta

Alemaniakoak. Hori "funtsezko kontua" da ekonomia arabarrarentzat, batez ere kanpo-sektoreak susperraldi ekonomikoari elementu positiboak ekartzen dizkion unean. Hala ere, petrolio-upelaren prezioaren igoerak eta Europako Banku Zentralaren esku-hartze tasa igotzeak osagai berriak erantsi dituzte ziurgabetasunerako.

Arabako esportazioak "abiada onean doaz suspertzen", Europako

kanpo-merkatuen bilakaera positiboari esker (urteko lehenengo bi

hilabeteetan %35,9 hazi dira). Esportazioak "giltzarri" izan dira enpresa askoren egoera normalizatzeko eta hainbat lanpostu finkatzeko, nahiz eta enpleguaren doiketa oraindik ez den amaitu.

Horrela, esportazioen bilakaera onuragarriaren berehalako ondorioa industria-ekoizpenaren indizean biltzen da, 2010eko hainbat hilabetetan bilakaera motela izan ondoren "abiada onean" hazten hasi baita. Aipatu bezala, industriak %8,7ko hazkundea izan du Araban urteko lehen hiruhilekoan. "Susperraldia sendotzen ari da, baina ez du enplegu berriak sortzeko baldintza hobezinak emateko adinako erritmorik", azaldu dute.

Lan merkatuari dagokionez, langabezia tasa %9,8koa izan da urteko lehenengo hiruhilekoan, Eustaten datuen arabera. Okupazioa %1,7 jaitsi den arren, 2.700 pertsonatan murriztu da langabeen kopurua, hau da, %14,9. Beraz, langabezia tasa euro eremuaren maila berean dago (%9,9).

"Hori aipatzeko kontua da, eta gure ingurutik bereizten gaituena, langabe kopuruak eta langabezia tasak igotzen jarraitu baitute Espainian 2010. urte osoan eta 2011ko lehenengo hiruhilekoan. Nahiz eta langabezia tasa guztiz europarra izan, biztanleria aktiboa jaisten jarraitzeak agerian jartzen digu kolektibo jakin batzuetan lana aurkitzeko itxaropena murrizten ari dela, agian beren ezaupideak eta esperientzia ez datozelako bat lan merkatuak eskatzen dituenekin", adierazi dute.