Arabako Liburu Saltzaileen I. Azoka egingo da ostegunetik abenduaren 4ra, Gasteizen

Arabako Liburu Saltzaileen I. Azoka aurkeztu dute
VITAL FUNDAZIOA
Publicado: miércoles, 22 noviembre 2017 18:26

GASTEIZ, 22 Nov. (EUROPA PRESS) -

Arabako Liburu Saltzaileen Elkarteak eta Vital Fundazioak Arabako Liburu Saltzaileen Azokaren lehen edizioa antolatuko dute Gasteizko Urrezko Zeledonen plazan, ostiraletik, azaroaren 24tik, abenduaren 4ra bitartean. Liburuen erakusketa eta salmenta, filmen aurkezpenak eta emanaldiak izango dira.

Josune Albizu Vital Fundazioko zuzendariak eta Gonzalo Villate Arabako Liburu Saltzaileen Elkarteko presidenteak aurkeztu dute azoka, asteazken honetan. Gasteizko erdiguneko plazan izanfo diren sei etxoletan beste horrenbeste liburu dendak parte hartuko dute. Jendaurreko ordutegia 11:00etatik 14:00etara eta 17:00etatik 20:30era izango da.

Aurkezpenean azaldu dutenez, Arabako Liburu Saltzaileen Elkartearen oinarrizko helburuetako bat kultura sustatzen eta hedatzen laguntzea da, "paperezko liburua eta liburu dendak" ardatza hartuta, "oinarrizko elementuak" baitira. Horrela, azokan paperezko liburuak ikusgai eta salgai egongo dira, eta, aldi berean, hiriko beste zenbait gunetan liburuen aurkezpenak eta literaturarekin zerikusia duten ikuskizunen emanaldiak egingo dira.

Era berean, Montehermoso Kultur Zentroan liburuetan oinarritutako gidoiak dituzten hainbat filmen emanaldiak egingo dira azaroaren 28, 29 eta 30ean. Liburuen aurkezpenetara eta filmen emanaldietara joateko sarrera-txartelak doakoak izango dira, eta aretoetako eserlekuak bete arte sartzeko aukera izango da.