Arabako Ogasunak 128,7 milioi euro azaleratu ditu zerga iruzurrean

Zerga iruzurra Araban
ACEA
Actualizado: lunes, 23 abril 2018 13:01

GASTEIZ, 23 (EUROPA PRESS)

José Luis Cimiano Arabako Foru Aldundiko Ogasun, Finantza eta Aurrekontu Saileko diputatuak 2017ko ikuskatze lanaren balantzea aurkeztu du astelehen honetan. Lan horri esker, 128,7 milioi euro azaleratu dira, hau da, egunero batez beste 353.000 euro eta iaz baino %3,6 gehiago.

Guztira, 3.804 espediente ireki eta 81 milioi euro antzeman dituzte ikuskatze zerbitzuek. Horri beste 47,7 milioi euro gehitu behar zaizkio, kudeaketa zerbitzuen bidez berreskuratu direnak, hainbat zergaren likidazioak kontrolatu eta berrikustean.

Zergen arabera, nabarmena da Sozietateen gaineko Zergan ikusi den iruzurra: 48,3 milioi euro azaleratu dira. "Bigarren urtez jarraian, ikuskatze zerbitzuak lehentasuna eman dio zerga hori berrikusteari eta, ondorioz, 2015eko zenbatekoa luzetik gainditu da, orduan 12 milioi euro azaleratu baitziren zerga horretan", gogorarazi du.

Ildo horretan, nabarmen igo da Sozietateen gaineko Zergan aitortutako zerga oinarriak, kenkariak edo zerga onurak kontrolatzean azaleratutako iruzurra. Zehazki, Arabako Ogasunak 23,5 milioi euroko iruzurra ikusi du kontzeptu hori dela, eta 2016an, 5,9 milioi izan ziren.

BEZa dela-eta antzemandako iruzurra 19 milioi euro baino handiagoa izan da. Halaber, %20 egin du gora, besteak beste, egin behar ez ziren itzulketa eskaerei, gastu ez kengarrien kenkariei, aitortu gabeko salmentei edo faktura irregularrei irekitako espedienteak direla eta.

Berrikuntza gisa, iaz ikuskatze zerbitzuak programa bat jarri zuen abian merkataritza elektronikoa kontrolatzeko. Horren ondorioz, 22 espediente ireki dira, besteak beste, PayPal, Worldplay, Airbnb edo Booking Internet bidez ordaintzeko plataformetan lortutako kobratzeen banku informaziotik hautatuak. Oraindik bukatu gabe dauden espediente horiek. Nagusiki, etxebizitzen errentak, Interneten bidezko salmentak eta kirol apustuak kobratzea dira jarduerak.

2018KO PLANA

Hain zuzen, merkataritza elektronikoa da 2018ko Ikuskapen Planean gehiago aztertuko diren eremuetako bat. Horrela, prestakuntza eta espezializazio programa eskainiko zaie Ogasuneko teknikariei, "kriptotxanponen erabilerari ekin eta bitcoin bezalako txanpon birtualekin egindako eragiketa elektronikoak egiaztatzeko helburuarekin", azaldu du Cimianok.

Nazioartekotutako enpresa taldeek egindako eragiketak ere aztertzeko
jarduerak sendotuko dira, hala nola sozietateen zatiketak, bat-egiteak eta berregituraketak, eta ondare handien zerga ordainketa. Aurreko ekitaldietan ikuskatutako zergadunek aitortu dituzten errenta mailak ere aztertuko dira.

"Azken batean, kontua da urtean-urtean eraginkortasun handiena lortzea iruzurra prebenitzean eta antzematean. Izan ere, ez dugu ahaztu behar Ogasunari iruzur egitea arabarrei iruzur egitea dela, eta baliabideak kentzea zerbitzu publiko, inbertsio sozial, enplegua sustatze, ingurumena zaintze eta azpiegitura berriak eraikitzeko, hau da, baliabideak kentzea Arabako herritarrei", esan du.