Arabako Unibertsitate Ospitaleak kanpoko 1,7 milioi kontsulta egin ditu 2013ko azarotik

Arabako Unibertsitate Ospitalea
IREKIA
Actualizado: viernes, 29 julio 2016 12:40

GASTEIZ, 29 (EUROPA PRESS)

Arabako ESIren kanpo kontsulten eraikinak 1,7 milioi kontsulta baino gehiago egin ditu 2013ko azaroan espezialitateen kontsultak zabaldu zituenetik. Kontsulten kopurua urtez urte hazi egin da mediku kontsultak, erizaintza kontsultak eta Arabako Unibertsitate Ospitalearen kanpo kontsulten azterketa osagarriak egiteko 240 lokaletan.

Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak gogorarazi duenez, Arabako ESIren kanpo kontsulten eraikina 2013ko ekainean hasi ziren erabiltzen Laborategi Bateratuaren bitartez. Urte horretako azaroan espezialitateen kontsultak zabaldu zituzten, eta 2014ko apirilerako jada erabat martxan zeuden ospitaleak eskaintzen dituen laguntza zerbitzu guztiak.

Esan bezala, ordutik -2013ko azarotik- aurtengo ekainera arte, 1,7 milioi kontsulta baino gehiago egin dira. Zehazki, espezialitate ezberdinetan 1.086.926 kontsulta eta erizaintzan 215.276 kontsulta egin dira, eta kopuru horiei, egindako ia 440.000 azterketa osagarri gehitu behar zaizkie.

Azterketa osagarriei dagokienean, "lan asko" egin dela nabarmendu du Osasun Sailak. Eraikina zabaldu zenetik 438.820 azterketa egin dira, eta hilean 19.000 azterketa egitera heldu dira. 2014ko datuekin alderatuz, azterketa osagarrien kopurua (laborategiari dagokion zatia kontuan hartu gabe) %36 hazi zen iaz.

Kopuru horien arabera, osasun arazoen tratamendu anbulatorioekin lotutako gaiei lotuta, egunero 3.000 paziente inguru joaten dira Arabako Unibertsitate Ospitalearen kanpo kontsultetara; 2016ko zenbait hilabetetan 3.300 kontsulta egitera ere heldu dira.

Espezialitateen arabera -guztira 29-, kontsulta gehien erregistratu dutenen artean daude traumatologia (136.616 kontsulta), urologia (86.245), oftalmologia (73.308), alergologia (62.727), digestio aparatua (61.913), endokrinologia (58.900), dermatologia (58.550) eta ginekologia eta obstetrizia (56.163).

Astelehenetik ostegunera 08:00etatik 20:00ak arte eta ostiraletan 15:00ak arte zabalik dauden ospitale arabarraren kanpo kontsulten eraikina "modernoa eta oso funtzionala" da, eta goi mailako zerbitzu teknologikoak ditu. Gainera, estrategikoki kokatu eta ondo komunikatua dago. Halaber, erreferentziako populazio gisa (Araba osoa, Aiarako eskualdea izan ezik, eta, espezialitate batzuetarako Debagoiena barne hartzen du) dituen 320.000 pertsonei arreta erosoa emateko pentsatutako espazio zabaleko instalazioak ditu.

"Arabako Unibertsitate Ospitalearen kanpo kontsulten eraikinak mugimendu handia izan arren, pazienteak bideratzeko zirkuituei esker -informatikoki automatizatuak-, eraikinaren laguntza emateko arloetan ia ez da kolapsorik gertatzen", adierazi du.

Laguntza emateko arloaz gain, eraikinean beste zerbitzu batzuk eskaintzen dira, bai ikerketa mailan -ikerketari lotutako kontsulta espezifikoak egiten dira-, bai irakaskuntza mailan -prestatzen ari den pertsonalari lotua, zein eraikinean lanean ari den pertsonalaren etengabeko prestakuntzari lotua-.

ARABAKO LABORATEGI BATERATUA

Bestalde, kanpo kontsulten eraikineko zortzigarren solairuan kokatuta dagoen Araba ESIren barruko Kudeaketa Klinikoaren Unitateko (KKU) laborategi nagusiak 12.506.139 azterketa egin ditu azken bi urte eta erdian. Arabako laborategi bateratuari -premiazkoa ez den jarduera elkartzen du eta lau laborategi bildu zituen- eta bertan dagoen abangoardiako teknologiari esker, "zerbitzua asko hobetu da". Ondorioz, bertan egiten diren azterketak azkarragoak eta seguruagoak dira. Azterketa horiek, barrutik lan egiten duen osasun arretaren oinarrizko ardatza osatzen dute.

Jesus Larrañaga Arabako ESIren zuzendari kudeatzaileak azpimarratu duenez, kanpo kontsultak -pazienteek oso ondo baloratzen dituzte- "erreferentzia toki" bihurtu dira. "Bertan, espezialista onenek arreta eskaintzen diete arabarrei espazio zabal, funtzional eta erosotan, eta kalitatezko zerbitzua eskaintzeko aukera ematen duen teknologia modernoarekin", esan du.

Larrañagaren hitzetan, Arabako laguntza espezializatuaren arloan "aldaketa garrantzitsua eta onuragarria ekarri du", eta Arabako Unibertsitate Ospitalearen bitartez lurraldeko osasun antolakuntzan burutzen ari diren eraldaketa sakonaren barruan kokatzen da.